Busturiko Udala zaintza eta erasoei erantzuteko protokoloa lantzen dabil
Indarkeria matxista zer den azaltzen duen triptiko bat ere argitaratu dute orain gutxi. Laster, etxeetan jasoko dute herritarrek zaintzaren diagnostikoarekin batera.
Berdintasunaren alorrean “pauso garrantzitsuak” ematen ari da Busturiko Udala. Gaur gaurkoz, gai bi dauzkate mahai gainean. Alde batetik, zaintzari buruzko diagnostiko bat egiten dabiltza eta, beste alde batetik, edozein eraso sexista, matxista edo xenofoboren aurrean udalak edo herriak zelan erantzun behar duen zehazten duen protokolo bat egiten ari dira.
Zaintzaren inguruan herrian dauden kezkak, gabeziak eta beharrak aztertu eta diagnostiko bat egingo dute. Hala, aurrerantzean politika eta proiektu guztiak diagnostiko horretatik ateratako ondorioak kontuan hartuta egingo dituztela esan du Busturiko zinegotzi Naiara Ruiz Badiolak: “Legeak dio eta Emakunde ere horretan lanean ari da udaleko sail guztietan zaintza kontuan hartu behar dela; edozein parke berri egiteko edo edozein zerbitzu martxan jartzeko orduan kontuan hartu beharreko gauza bat dela diote”.
Orain arte, Busturian horrelakorik egin ez dela eta, ari dira diagnostikoa lantzen; “herriko egoera zein den jakin gura dugu”. Hori egiteko, herritarrek erantzun beharreko galdeketa “erraz” bat egin zuten. Horrez gain, elkarrizketak egingo dituztela esan du Ruizek. Batetik, herriko pertsona “zehatzak” aukeratuko dituzte; “euren lanpostuak moduren batera edo bestera horregaz lotuta daudelako, esaterako, zaharren egoitzako zuzendaria, alkatea, eskolako jendea…”. Bestetik, zaintzaileengana joko dute, zaintza arloan profesionalak direnak eta ez direnak ere (aitona-amonak, gurasoak). Horrez gain, emakumeen kontseilu batean egindako hausnarketa batetik ateratako ideiak eta proposamenak ere jasoko ditu diagnostikoak.
Asko jota urtarrilerako diagnostikoa prest edukitzea espero du Busturiko zinegotziak. Handik ateratako informazioagaz triptiko txiki bat landu eta etxebizitzetan jasoko dute herritarrek; “informazioa eduki dezaten”.
Bestalde, herrian gertatu daitekeen edozein eraso sexista, matxista edo xenoforen aurrean udalak eta herriak zelan erantzun behar duen zehazten duen protokoloa lantzen dabiltza. Horri buruzko formakuntza jaso dutela dio Ruizek; “protokoloa herriko talde guztien esku utzi dugu azken ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Denbora hori agortuta behin-behineko protokolo bat izatera pasatuko da, eta osoko bilkuran onartu beharko da”.
Gainera, orain dela gutxi, Espainiako Gobernutik jasotako diru laguntza bategaz indarkeria matxista zer den azaltzen duen triptiko bat ere argitaratu zuten. Adin guztietan jasan daitekeela azaltzen dute horretan, eta mota ugaritakoa izan daitekeela zehazten dute. “Jotzen ez bazaituzte ere, indarkeria egoera batean egon zaitezkeela azaldu gura diegu herritarrei”, esan du Ruizek. Hala, mota horretako egoera baten aurrean nora jo daitekeen azaltzen dute triptikoan, telefono zenbaki desberdinekin. Diru laguntza horrekin lantzen ari dira baita ere erasoei erantzuteko protokoloa.
Aipatu triptikoa etxebizitzetara bidaliko dute zaintzako diagnostikoari buruzko triptikoa amaitzen dutenean; biak batera bidaliko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiaren lurralde sarean ere sartu direla aipatu du Ruizek, lehenengoz: “Orain dela gutxi izan genuen lehenengo asanblada Bilbon. Guretzat onuragarria da, gure moduko beste herri batzuekin koordinatzeko aukera edukiko dugulako, baita ere sare horretan dauden aldundi, talde feminista eta teknikari guztiekin. Esan digutenez, datorren urtean Foru Aldunditik berdintasun arlora bideratzen den diru kopurua igo egingo da. Hala, aukera gehiago izango ditugu diru laguntzak eskatzeko”.
Azaldu duenez, orain dela gutxi amaitu da 7.000 biztanle baino gutxiago daukaten herriek diru laguntzak eskatzeko epea: “Berdintasun teknikariak esan zigun gehien laguntzen dituztenak direla emakumearen ahalduntzeagaz zerikusia daukaten gauzak eta pandemiaren eraginagaz zerikusia daukatenak. Gimnasia emozionala egin ahal izateko diru laguntza bat eskatu dugu guk. Gimnasia eta emozioak uztartzen dituen tailer bat da. Esan didate oso ondo dagoela, eta indartuta ateratzen dela horretatik. Hala ere, gauza berriek ikara ematen dute, ikusi egin behar dugu herritarren erantzuna zein den”.
Datorren urtera begira, beste hainbat proiektu dauzkate aurreikusita, betiere, berdintasun planaren baitan aurreikusitakoaren barruan. Martxoan, esate baterako, Emoki taldeagaz formakuntza tailer bat egingo dute eskolan. “Informazioa zelan jasotzen duten aztertuko dute LH5eko ikasleekin. Asmoa zen DBHko ikasleekin harreman afektibo-sexualei buruzko formakuntza tailer bat egitea. Uste genuen garrantzitsua zela, baina ez zen aurrera atera. Hala, eskolara egokitu dugu, gaztetxoagoetara. Gurasoek ere parte hartuko dute. Sei orduko tailerra jasoko dute ikasleek eta ordu bikoa gurasoek”.
Formakuntza ere “garrantsitzua” izango da datorren urtean, batez ere udal langileentzako formakuntza, “euren esanetan, faltan bota dutelako”.