Adostasun barik onartu dute 2022rako Bermeoko udal aurrekontua
Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoak baino ez ditu jaso datorren urterako aurrekontuak; EH Bilduk eta Guzanek ezezko botoak eman dituzte.
Udalbatzarra osatzen duten alderdien arteko adostasun barik onartu dute 2022rako udal aurrekontua gaurko osoko bilkuran. Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoak baino ez ditu izan aurrekontuak; EH Bilduk eta Guzanek aurka bozkatu dute.
Datorren urtera begira, 23.912.052,72 euroko aurrekontu bateratua (Udala eta Beruala) onartu dute. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, aurrekontuak «bizi dugun egoerari» eta Bermeon eta bermeotarren egungo beharrizanei «erantzun egokia» ematen die. «Pozik» daude aurkeztutako aurrekontuagaz. EH Bilduk aurkeztutako emendakinak ere aipatu dituzte, «29tik 20 sartu baitituzte». Ekarpenek aurrekontua «ondu» egiten dutela adierazi du.
Aurrekontu proposamena aurkeztu zutenean esan zuten modura, «gai garrantzitsuetan igoera nabarmenak» egongo dira: nagusi eta beharrizan gehien duten pertsonei zuzendutako zerbitzuetara bideratutako errekurtsoetan %4,9, kultura eta aisialdi ekimenak sustatzekoetan %22 eta Bermeoko sektore ekonomikoak dinamizatu eta berraktibatzekoetan %8,4.
Aurrekontuan, gainera, bermeotarrek prozesu parte hartzailean egindako hainbat proposamen jaso dituztela jakitera eman du.
Inbertsioetarako %3,34. Gogorarazi dutenez, «beharrezkoak» diren gastuak egin ostean, inbertsioetarako dagoen diru saila 799.221,88 eurokoa da, hau da, aurrekontuaren %3,34. Beste hainbeste ekintzen artean honakoak aurreikusten dituzte: Lameran komun bat jartzea, zarata gutxiago ateratzen duten kale garbiketarako makina berriak ekartzea, Artzatik hasi eta Trake kaleko bidegurutzerainoko zatia egokitzeko eta edertzeko proiektua idaztea, Klarisen ondoan aire zabaleko kirol gune bat egitea, herri eskoletako patioak egokitzea herritarrei zabaltzeko, Aritzatxun udako liburutegia martxan jartzea, bakarrik bizi diren adineko pertsonen laguntzarako eta jarraipenerako programak ezartzea, adikzio eta menpekotasunen prebentzio programarekin jarraitzea, Alde Zaharreko zenbait orubetan horma-irudiak margotzea, Gaztelugatxerako joan-etorriak eta bisita gidatuak egitea, Bermeoko euskara balioan jartzea, ostalaritza eta merkataritza dinamizatzeko ekintzak sustatzea…
«Erantzukizunez jokatu». Aurrekontua lantzeko gobernu taldeak izan duen jarrerara kritikatu dute EH Bilduk zein Guzanek. Korporazioko gainerako kideekin aurrez kontrastatu barik, «aurrez prestatutako aurrekontu itxia eta lankidetzarako tarterik gabekoa aurkeztu» dutela diote bi alderdiek; «komunikabideetan zabaldu dute aurrekontu proposamena alderdiekin eztabaidatu aurretik».
«Erantzukizunez jokatuta» EH Bilduk 29 emendakin aurkeztu ditu, aurrekontua «hobetzeko» helburuz: «Tarte handirik ez geneukan finantziazio ezagatik, baina gure esku dagoen guztia aurkeztu dugu aurrekontua herriarentzat hobea izateko».
Dioetenez, EH Bilduri onartutako zuzenketei esker, aurrekontuak «bermeotarron bizi kalitatea hobetzen lagunduko du, langabeziari aurre egiten, tokiko kontsumoa sustatzen, ingurumen politikak indartzen, haur eta nerabeei zuzendutako ekimenak martxan jartzen, gure kultura eta ondarea bultzatzen eta berdintasuna eta partaidetza sustatzen, besteak beste».
Bestalde, gazteak, Alde Zaharra biziberritzea, elkartasuna eta herriko boluntarioen lana hobetzea helburu zuten ekimenak ez dituztela onartu azaldu dute.
EAJren udal gobernuak «komunikazioan eta propagandan» oinarritutako aurrekontuak aurkeztu dituela esan du EH Bilduk, eta horretara bideratutako diru sailetako igoera kritikatu dute. Horien ustez, aurrekontuak «zenbaki hutsak baino askoz gehiago» direnez, ezezko botoa eman dute.
«Udal gobernuak aukera galdu du bermeotar guztiontzako onak izango diren eta COVID-19aren ondorio sozio ekonomikoei aurre egingo dien aurrekontuak onartzeko; izan ere, anbizio gutxiko aurrekontu kontinuistak dira. Etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen, enpleguaren, trantsizio ekologikoaren, politika feministen, hezkuntza eta gazteriaren eta herriaren hobekuntzaren arloko apustuak oso eskasak dira. Ura multinazionalen esku uztearen aldeko apustua egin dute eta azpikontratatutako garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko ez dute ezer aurreikusten», esan dute EH Bildukoek.
Aurrekontua hainbat arlotan igo dela aipatzen dute; EH Bildukoek, baina, «ez dela guztiz egia» diote, aurreko urteetan gastatu ez den dirua dela aipatuta: «Herria eta herriko zerbitzuak COVIDaren aitzakiarekin guztiz geldituta izan dituzte».
Oposizioa «soberan». Guzanen arabera, «propaganda eta renting-aren» aurrekontua da 2022koa. Negoziaketetan parte hartu ez dutela aipatu dute, ez dituzte emendakinak aurkeztu ere egin, «nahikoa dela» esan gura dute: «EAJk gure hiru zinegotziekiko eta beraz, Bermeoko herriarekiko erakutsi nahi duena, gezurra da. Gezurra da negoziaketarako prest dagoenik. Gezurra da entzuten duenik eta eskuzabala denik».
2019ko hauteskundeetatik oposizioa «soberan» dagoela uste dute: «Euren ustez eurek baino ez daukate eskubiderik Bermeon gobernatzeko. Eta horrek inposatzeko modua markatu du». Modu horretan ezin daitekeela etorkizunera begiratu diote:, eta herriak «epe luzera» zer datorren jakin behar duela deritzote: «Denon artean adostu behar ditugu gauzak udalean, proiektuek gobernuan bata zein bestea egon jarraipena izan dezaten». Hala eta guztiz ere, kartak «markatuta» daudela ikusten dute, eta Guzan «ez dago modu horretan jolasteko prest».
Udalak renting-era bideratuko duen diru saila kritikatu du Guzanek; «gauzak erosi beharrean alokairuan gastatzen dituelako». Horrek guztiak «itxura emateko» balio duela diote: «Kaletik gauza berriak erakusten dituzte udal langileek, kontsumismo hutsa. Bermeon ez dago ezertarako dirurik 2027an zorra pagatzen amaitu arte baina kotxe berriak renting-ean izateko moduan gaude, antza. Urtero 500.000 euro horretan. Kontra gaude».
Komunikaziora zuzendutako diru saila ere «gogor» kritikatu dute: «Inoiz baino diru gehiago bideratu da horretara, 292.000 euro 2022an. Asko kritikatzen zuten aurreko agintaldian komunikaziora bideratzen zen diru saila, eta orduan 40.000 eurokoa zen. Alkatearen propoganda egiteko baino, zergatik ez dute dirua erabiltzen futbol zelaia behingoz hobetzeko? 500 ume eta gazte dabiltza han».
Bestalde, EAJren koordinatzaileak osoko bilkuran izan duen jarrera kritikatu dute; «esan dituenak ez dira egiak ezta bidezkoak ere». Hala, gogora ekarri dute aurten udalean sinatu duten kode etikoa, «gure artean berbazko tratu txarrik ez egoteko». Guzan egoera «lotsagarrian» utzi duela salatu dute, eta berriro horrelakorik ez gertatzea eskatu dute: «Kanpotik hau ikusten duenak ez du ikusten politika egiteko modu demokratiko bat, ikuskizun bat baino ez. Modu horretan, jendea ez da hurbiltzen politika egitera».