Emakume kurduak Bermeon egongo dira bihar
Sorginorratz Talde Feministak antolatuta, 19:00etan izango da hitzaldia Kabidxen.
Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioan lan egiten duten emakume kurduez osatutako ordezkaritza bat Euskal Herrian dago, eta Bermeo ere bisitatuko dute. Bermeoko Sorginorratz Talde Feministak antolatuta, hitzaldia eskainiko dute bihar, 19:00etan hasita, Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Autoadministrazioa ospetsua da bere autodefentsa taldeek Estatu Islamikoaren Kalifatoa garaitu zutelako, Kobanetik Raqqaraino. Hala ere, ordezkaritza bat bertaratu da, “bere proiektu politikoan ezezagunagoak diren bestelako alde batzuetaz jorratzeko”.
Nariman Evdikek, Rawda Hasanek eta Manal Mohammadek osatzen dute delegazioa, hain zuzen ere, eta horiek Bermeon ere egongo dira.
Evdike oso aktiboa da kulturaren esparruan eta Siriako Ipar eta Ekialdeko Idazle eta Intelektualen Batasunaren presidentea da. Administrazio Autonomoaren Literatura Batzordeko kidea da baita ere, eta Shiler argiteletxean zuzendari lanak betetzen ditu.
Hasan Qamixloko alkatea izan da –Autoadministrazioko hiririk handiena– eta egun Jazirako kantoiko Kultura Ministroa da.
Azkenik, Mohammad, Kongreya Star-eko –Siriako Ipar eta Ekialdeko emakume erakundeak batzen duen antolakundea– batzorde diplomatikoan aritzen da; sei urte daramatza.
Harremanak sendotu. Emakumeak hainbat ordezkarirekin biltzen ari dira Euskal Herriko txoko desberdinetan. Azaldu dutenez, harremanak “sendotu” gura dituzte, baina baita ere Turkiako Estatuaren “bortxaketak salatu”, eta horiei aurre egiteko laguntza aukerak aztertu. Aldi berean, Administrazio Autonomoa garatzen ari den proiektuentzako babesa bilatzen dute.
Joan den astelehenean Durangoko Azokan egon ziren Hala ere izenburua duen dokumentala eta liburua aurkezten.