Euriteek kalteak sortu dituzte hainbat herritan
Muxikatik Gerekizganera (Mungiara) doan errepidea moztuta dago, errekak gainezka egin duelako. Era berean, Zugaztietan ere errepidera heldu da ura eta Ajangizen, Kanpantxun, uragatik harrapatuta geratu den pertsona bat atera behar izan dute suhiltzaileek. Zugastietan tren bat ez atzera ez aurrera geratu da. Zerbitzua ez dute eten, eta garraio aldaketa egin behar dute bidaiariek Muxikan.
Euriteek arazo larriak eragin dituzte Busturialdean. Hainbat herritan errekek gainezka egin dute eta hainbat errepide moztuta daude, edo horietatik igarotzeko zailtasunak dituzte ibilgailuek. Une honetan marea gora doa, eta 20:30ak aldera da hurrengo itsasgora.
Muxikako Kurtzero auzoan errekak gainezka egin du oraingoan ere. Ondorioz, Gerekizganera (Mungiara) doan errepidea moztuta dago. Hain zuzen ere, Euskalmetetik jakinarazi dute, Okako arroan, Muxikako estazioa maila laranjara iritsi dela. Zugaztietan ere errepidera heldu da ura.
Bestalde, trenbide sarean ere eragina eduki du denboraleak, zehazki, Gernika-Lumo eta Zornotza arteko tartean. Lurjausi baten ondorioz, Zugastietan tren bat ez atzera ez aurrera geratu da. Zerbitzua ez dute eten, eta garraio aldaketa egin behar dute bidaiariek Muxikan. Eusko Trenbide Sareak jakinarazi duenez, egoera hau hurrengo orduetan ere luzatuko da, “lurjausia gertatu den lekua lan egiteko zaila delako”. Beraz, bidaiariek Zornotzako geralekutik Zugaztietarainoko bidea autobussez egin beharko dute, Zugaztietan berriro trena hartzeko.
Ajangizen, Kanpantxu auzotik igaro den Oka errekak ere gainezka egin du, eta etxean harrapatuta geratu den pertsona bat atera behar izan dute suhiltzaileek. Zubiaren ondoan dauden bi baserriak dira urak harrapatzeko arriskuan daudenak. Maier inguruan ere, sanemamenduko obrak egiten eta bide bat zabaltzen ari direnez, inguru horretan ere urak gainezka egin duela dio Koldo Carbonell Ajangizko alkateak. Bide asko itxi behar izan dituzte, “Kanpantxuko ia bide guztiak”. Mendietatik beherantz doan bidea ere itxi dute, tarte batzuetan urak harrapatu du-eta. Bide orokorra, berriz, zabalik dago. Alkateak adierazi du aguazila dabilela errepide izkinak garbitzen, eta estoldak zabaltzen. Egoera nahiko “berezia eta gogorra” dela dio.
Oka errekak Gernika-Lumoko ibarrean ere sortu ditu arazoak, industriaguneraino heldu baita ura. Foruan eta Busturian ere ura etxeetara ere sartu da, eta suhiltzaileak joan dira ura ateratzera.
Era berean, Forua eta Gernika lotzen dituen errepidea ere urez bete da. Foruko alkate Mikel Magunazelaiaren hitzetan, Landaberde auzoan dago arazorik handiena; errepidea ez dute moztu baina ibilgailuak gutxi-gutxika doaz. Oñaberri zubia baino beherago ere urak gainezka egin du. Trenbideagaz urak topo egiten duela esan du alkateak, eta hortaz, inguruko landak ere urez bete dira.
Kortezubin ere Oma errekaren ibaiadar batek gainezka egin du, eta errepidea urez bete du herriko biribilgunearen inguruan. Errepidea ez dute itxi, baina autoek zailtasun handiak dituzte tarte hori zeharkatzeko.
Errigoititik Gernikara doan bidean, bestalde, zuhaitz bat erori dela adierazi du Aintzane Arrien Errigoitiko alkateak. Horrez gain, Olabarrira heldu baino lehenago, Morgarantz joateko bide ondoan dagoen erreka arratsaldearen lehen oruduetan “oso goian” zegoela adierazi du alkateak.
Solluben ur putzu handiak sortu dira eta 12:00ak aldera arbola bat erori da errepidera. Horregatik, errepidea itxita egon da 12:00etatik 16:00ak arte.
Bihar eguerdira arte. Euriteengatik alerta laranja bihar [abenduak 10] 15:00ak arte ezarri dute. 24 ordutan 80 litro metro koadrorarte bildu daitezke. Ibaien egoera eta iragarpen meteorologikoa kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Plan Bereziaren Larrialdi Fasearen bigarren egoera aktibatu du, eta, Aholku Batzordea deitu du 15:00etarako. Fase hori aktibatzen da larrialdiek udal eta foru administrazioen erantzuteko ahalmena gainditzen dutenean.