Gernika Jai Alai Gabonetako Openerako sarrerak salgai daude
Gizonezkoen eta emakumezkoen partiduak hartuko ditu Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak, abenduaren 18an [zapatua].
Urtea borobiltzeko jaialdia prestatu dute Gernika-Lumon. Abenduaren 18an [zapatua] lehiatuko dute Gernika Jai Alai Gabonetako Opena, 18:00etatik aurrera.
Oraingoan gainera, gizonezkoen zein emakumezkoen partiduez gozatuko dute zesta zaleek. Munduko txapeldunak ariko dira Jai Alai frontoian.
Abuztuan Gernikako Grand Slama irabazi zuten Lekerikak eta Erkiagak Lopezen eta Goikoetxearen kontra jokatuko dute. Hain zuzen ere, Unai Lekerikabeaskoa izango da jaialdiko etxeko puntista bakarra. Gernikarrak Munduko Kopa irabazi berri du Goikoetxeagaz, eta Lopez eta Erkiaga–2018an berak eta Hernandezek irabazi zuten Munduko Txapelketa– dira txapeldunordeak.
Emakumezkoetan, Lizardi-Ortiz de Mendibil eta Aldazabal-Arakistain bikoteek jokatuko dute. 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa Mutrikuko Danok Bateko Eneritz Lizardi mutrikuarrak eta Zumaiako taldeko Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak irabazi zuten urrian, eta Berriatuko Zesta Eskolako Maialen Aldazabal berriatuarra eta Ihart Arakistain sopeloztarra geratu ziren txapeldunorde.
Sarrerak. Gernika Jai Alai Professionalen web orrialdean erosi daitezke sarrerak, 10 eurotan ( + 0,99 euro kudeaketa gastuak).