Garapen iraunkorrerako helburuak
Eko-Oiz elkartekoekin Agenda 20-30 programa lantzen ari dira Busturialdeko ikastetxeetan. Energiari, Ekosistemari eta Klima aldaketari buruzko irakaspenak jasotzen dituzte, bestelako euskarrietan.
Energia berriztagarriak, ekosistema, klima aldaketa eta antzeko kontzeptuak lantzeko bestelako proposamenak lantzen dituzte Eko-Oiz Elkartean. Ikusi eta ikasi. Horixe egiten dute ikasleek eurekin.
Oraingoan, Agenda 20-30 programa daukate esku artean. Horretan, garapen iraunkorrerako hamazazpi atal daude–2017an Nazio Batuen Erakundean onartutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak–, eta horietatik hiru jorratzen dabiltza Busturialdeko zenbait hezkuntza zentrotan: Energia, Ekosistema eta Klima Aldaketa. Saio teoriko-didaktiko-praktikoak ematen ari dira ikastetxez ikastetxe. “LHko 3. ziklotik Batxillergora arteko ikasleekin egoten gara, eta ikastetxe bakoitzean saio pare bat egin ohi ditugu. Guztira, Gernika-Lumoko ikastetxeetako 600 bat ikaslek eta Bermeokoetako 400 bat ikaslek parte hartuko dute”, dio Joseba Zabala elkarteko kideak
Orain dela bi aste Bermeon eta aurreko astean Arratzuko Barrutialde BHIn eta Gernika-Lumoko Mertzede Ikastetxean egon ziren. Bihar, berriz, Seber Altube Ikastolakoen txanda izango da.
Datorren astean San Fidel Ikastolara joango dira, eta urtarrilean Allende Salazar Ikastetxera eta Gernikako Institutura.
“Eko-Oiz Elkartean hamazazpi helburuak betetzen ditugu, eta ikus-entzunezko baten bidez azaltzen diegu ikasleei zelan bete ditugun”.
Energiaren atalean energia berriztagarriei buruz berba egiten dute: “Eguzki-, haize-, ur eta lur-energiak. Horiek dira gure elkartean betetzen ditugunak”. Horiek lantzeko, maketak eta jostailuak eroaten dituzte ikasgeletara.
Ekosistema atalean, bertoko basoei eta errekei buruz berba egiten dute: «Elkartean gure eredua aldatu genuen; pinudia eta eukaliptoak geneuzkan, eta bertoko basoa edo mila koloreko basoa egin genuen”. Hain zuzen, landatutako zuhaitzen fruituak erakusten dizkiete ikaleei: madariak, sagarrak, gaztainak, hurretxak, intxaurrak, aretzak… Horrez gain, Euskal Herrian beste baso mota batzuk daudela azaltzen diete: “Batez ere, Erriberako basoei eta horietatik ateratzen dien produktuei buruz hitz egiten diegu”.
Pinuek eta eukaliptuek erreketan eragindako kalteak azaltzen dituzte. Ondorioak ez ezik errekak zelan berpiztu esaten diete. “Adibidez, gure etxe ondoko erreka zelan berpiztu eta fauna aldatu den kontatzen diegu. Bertoko basoarekin berpiztu daitezke; bertoko basoen politikak erreketan ondorio dauka: erreka handitu, plaktona sortzen du. Plaktona dagoen erreketan bizitza dago”.
Oizeko datuak
Klima aldaketa Euskal Herrian izaten ari den eragina ikusten dute bideo batean. Oiz mendian eta Bardeetan klimaren datuak aztertzen dituzte elkartean, eta horiek helarazten dizkiete ikasleei. Programa baten bidez horiek neurtu eta ondorioak atera dituzte: “Adierazgarria da euri gutxiago egiten duela. Oiz mendian elurra asko murriztu da. Bardeetan tenperatura asko igo da, eta desertuak lurrari esparrua jan dio. Horiek dira ondorio aipagarrienak, baina beste asko daude bai faunaren eta bai floraren ondorioak”.
Kontzientziak pizten eta jarrerak bultzatzen dihardute. “Ikasleek jarrera oso ona erakusten dute; gehienek parte hartu nahi dute. Tailer hauen helburuetako bat da eurek ikastetxean Agenda 20-30 programari buruzko proiektu txiki bat egitea; garapen iraunkorreko helburuetako bat hartu eta lantzea, ondoren, udalean aurkezteko”.