Antzinako arrantzaleen kofradia artez jantzi dute Barrueta Arte Elkartekoek
Domekara bitartean bisitatu daiteke erakusketa, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan egin behar zuten erakusketa da egunotan kofradia zaharrean ikus daitekeena; orduko pandemiaren egoerak erakusketa bertan behera uztea ekarri zuela gogorarazi dute elkarteko kideek.
Barrueta Arte Elkarteko kideek egindako lanak dira erakusketan ikus daitezkeenak. Aipatu dutenez, elkarteak ibilbide luzea dauka, duela 50 urte inguru eratu baitzen. Elkartea 140 kide inguruk osatzen dutela esan du Rosa Mari Gabantxok, hala eta guztiz ere, bazkide guztiek ez dute artea sortzen. Horietako batzuk sortutako lanak dira domekara arte kofradia zaharrean ikusgai daudenak honako ordutegian: 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Teknika desberdinak, tamainu desberdinak, kolore desberdinak… ikus daitezke hormetan zintzilik dauden 36 lanetan. Oleoak, akuarelak, argazki konposaketak…jarri dituzte ikusgai.
Artea sortzen dutenentzako pandemiak “gogor” jo duela dio: “Pandemia garaian sortu duguna erakutsi gura dugu, gure lanak erakustea garrantzitsua da guretzat”. Horregatik, iaz, urtero egiten duten erakusketa ezin izan zutenez egin, “ilusio handiagaz” dagoz, herritarrek euren lanak ikusteko aukera izango baitute. Hala, herritarrak zein bisitariak gonbidatu dituzte erakusketara.