Etxebarriazarraga eta Enbeita, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean
Ander Elortegi laugarren eta Julen Arzanegi seigarren sailkatu dira Larrabetzun jokatu duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren eta azken finalaurrekoan.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren eta azkenengo finalaurrekoa atzo [abenduak 4] jokatu zuten Larrabetzun, eta hortaz, argitu da zeintzuk izango diren abenduaren 18ko finalistak. Zortzi finalistetatik bi izango dira Busturialdekoak: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernikarra eta Onintza Enbeita Maguregi muxikarra–egungo txapelduna–.
Hauek dira finalera sailkatu diren gainontzeko sei bertsolariak: Gorka Pagonabarraga Agorria, Etxahun Lekue Etxebarria, Nerea Ibarzabal Salegi, Aitor Bizkarra Ruiz, Jone Uria Albizuri eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
Etxebarriazarragak eta Pagonabarragak lehenengoz lehiatuko dute finala.
Finalaurrekoetako irabazleak zuzenean sailkatu dira, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera. Pagonabarragak irabazi zuen lehen finalaurrekoa, Etxebarrian; Lekuek bigarrena, Galdakaon, eta atzo Larrabetzukoan nagusituta sailkatu da Ibarzabal.
Esan bezala, finala abenduaren 18an [zapatua] jokatuko dute, 17:00etan hasita, Bilbao Arenan–ateak 15:30ean zabalduko dituzte–.
Sarrerak. Finaleko sarrerak erosteko hainbat bide daude. Alde batetik, orain arteko kanporaketetarako eta finalaurrekoetarako moduan, www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke. “Antolakuntzak sarrerak bide honetatik erosteko gomendioa egiten du, finalean bertan ilara gutxiago sortzeko”. Beste alde batetik, Durangoko Azokako Bertsozale Elkartearen stand-ean ere eskuratu ahal izango dira egunotan.
Azkenik, finalaren egunean bertan txarteldegian erosi ahal izango dira sarrerak, 12:30etik aurrera.
Larrabetzuko finalaurrekoa. Aipatu moduan, Ibarzabalek irabazi zuen atzoko finalaurrekoa; 542,5 puntu lortu zituen markina-xemeindarrak. Uria sailkatu zen bigarren, 534 puntugaz, eta ondorioz, biak sartu ziren finalean.
Hirugarren finalaurreko horretan eskualdeko bi bertsolari aritu ziren. Ander Elortegi Garatea natxituarra laugarren (477 puntu) sailkatu zen, eta Julen Arzanegi Erezuma gernikarra seigarren (436,5 puntu). Elortegik hamarreko txikian eta bakarkakoan lortu zituen puntu gehien (bietan 104,50 puntu). Arzanegiri ere bakarkakoan eman zizkioten epaileek puntu gehien (96,50 puntu), eta baita zortziko handian ere (95,50 puntu).
Txaber Altube Sarrionaindia hirugarren (483 puntu) eta Eneko Abasolo Txabarri bosgarren (469 puntu) geratu ziren.
Itxaro Juaristi Olaetxeak egin zituen gai-emaile lanak, eta epaimahaikideak honakoak izan ziren: Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Graxi Arregi Leonardo, Joseba Santxo Uriarte eta Miriam Juaristi Urizar. Itziar Basterretxea Olarreaga izan zen idazkaria.
Atzoko saiorako sarrera guztiak agortu ziren. 700 bertsozale batu ziren Larrabetzuko frontoian.