Emakume Master Cupeko finalerdia galdu du Olatz Arrizabalagak
Finalerdi lehiatuan eta parekatuan, aurrelari gernikarrak 22 eta 19 galdu du Amaia Aldairen kontra gaur eguerdian. Beraz, Aldaik Miriam Arrillagaren kontra jokatuko du finala abenduaren 19an, Mungian.
Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrak gertu eduki du lau t’erdiko finalerako txartela gaur, Abadiñon, baina, markagailua iraulita, Amaia Aldaik 22 eta 19 irabazi dio.
Arrizabalaga 14 eta 18 aurretik zegoela, lau tanto jarrain egin ditu Aldaik, eta 19nako berdinketaren osteko tantoetan, bera nagusitu da. Ondorioz, Emakume Master Cup Laboral Kutxa txapelketaren finala Aldaik eta Miriam Arrillagak jokatuko dute hamabost egun barru [abenduak 19], Mungian.
Penaz, atsekabetuta zegoela aitortu du gernikarrak: “Hurbil eduki dut 22. tantoa, baina tanto batzuk joan egin zaizkit, eta berak be sake oso on bat egin du, eta hor eskapatu zait partidua”.
Finalerdi lehiatua eta parekatua izatea espero zen, eta horrela izan da. Beste finalerdian ez bezala–Arrillagak 22 eta 15 irabazi dio Enara Gaminderi–, finalerako txartela oso garesti egon da. Arrizabalaga hasieran urduri aritu da: “Ez nuen pentsatzen, baina, bai, nahikoa urduri egon naiz. Hasieran ez naiz oso eroso topatu kantxan, eta sakeekin ere ez naiz egon hain gustura. Baina, gero, partiduan sartu garenean, partidu oso lehiatua eta gogorra izan da”. Sakez zortzi tanto egin ditu, eta bakarra Aldaik; airez hiru egin ditu dimoztarrak eta bi gernikarrak. Orotara, 121 eta 120 pilotakada egin dituzte, hurrenez hurren.
Olatz Arrizabalaga: “Hasieran ez naiz oso eroso topatu kantxan, eta sakeekin ere ez naiz egon hain gustura. Partidu oso lehiatua eta gogorra izan da”.
Txapelketa ona egin duela eta, gustura dago. Balorazio positiboa egin du: “Finalerdia ere polita izan da, baina pena daukat finalerako txartela ez lortzeagatik. Txapelketaren balorazio oso ona egiten dut. Presio apur bategaz etorri nintzen; kanporaketako lehenengo partiduan nahikoa urduri egon nintzen, baina partiduak aurrera joan ahala, konfiantza gehiago irabazi dut. Orain entrenatzan segitzea gelditzen da. Apurka-apurka hobetzen noa, baina oraindik hobetzeko asko dago”.