Konfiantza eta euskararen erabilera uztartzen ditu 'Betikoa. Gertukoa' kanpainak
Jaurlaritzaren kanpainaren helburua da euskara sustatzea eremu sozioekonomikoan . Bermeoko, Gernika-Lumoko, Mundakako udalek bat egin dute kanpainagaz.
Sarritan, denda edo taberna batera sartu eta “jarri betikoa” esaten dugu. Esaldi horrek konfiantza erakusten du. Hala, konfiantza hori ardatz hartuta eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz, martxan dago Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina. Aipatu kanpainaren bidez, konfiantza eta euskararen erabilera uztartu gura dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bigarrenez martxan jarri duen kanpaina da, eta honako helburuak ditu: eremu sozioekonomikoan euskara sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea. 60 udal baino gehiago parte hartzen ari dira kanpainan, tartean, Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Mundakako Udala.
Eusko Jaurlaritzak eskainitako euskarrien zerrenda batetik abiatuta, udal bakoitzak norberaren errealitatera egokitutako estrategia bat jarraitu du kanpainaren mezua gizarteratzeko helburuagaz. Bermeoko Udalak, esaterako, herriko 300 establezimendu komertzial eta ostalaritza establezimendu baino gehiagotan ekimen horren kartela jartzeko eskaera egin die jabeei edo arduradunei, bezeroak eta lokal horietako jabeak euskaraz hitz egitera animatzeko. Gernika-Lumon, berriz, argazki lehiaketa antolatu dute. Gaia honakoa da: Betiko komertzioa. Argazkiak bidaltzeko epea, hala ere, amaitu da, eta gaur egingo dute sari banaketa ekitaldia, 19:00etan, Foru Plazan.
Kalitatea. Merkataritzaren testuinguruan euskararen erabilera konfiantzagaz lotzen du kanpainak. “Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitateagaz lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere”.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kanpainaren aurkezpenean aipatu zuenez, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako eremu sozioekonomikoaren planak agintzen du “garrantzitsua dela merkataritza eta kontsumo eremuetan zerbitzua emateko hizkuntza euskara izan dadin sustatzea”. Zupiriak gaineratu zuen kanpainak, gainera, “gure hizkuntza euskara, eguneroko erosketekin, hurbiltasunagaz, herriko harremanekin lotzen” duela. “Gertukoa eta bertokoa euskaragaz lotzen du”.
Jakitera eman dutenez, udalen elkarlanak “garrantzi berezia” dauka aurtengo ekitaldian. Merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina autonomo edo isolatuak egin beharrean, modu bateratuan egitearen aldeko izan dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udal ordezkariak (Eudel, Uema, hiru aldundiak eta bat egin duten udal, kuadrilla nahiz mankomunitateak), eta azken urte bietan egindako koordinazio lana “oso modu positiboan” baloratu dutela azaldu dute. Hala, datozen urteei begira, kanpaina denboran iraunkorra eta bateratua izatea adostu dute denen artean.