Euskararen Eguneko adierazpenetatik haratago, "konpromiso zehatzak" behar dira Busturiko EH Bilduren arabera
Busturirako "konpromiso zehatzak" zehazten dituen mozio bat aurkeztu du batzar informatiboan EH Bilduk, baina EAJk ezetz bozkatu duela adierazi dute.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Busturiko EH Bilduk herrira begirako mozio bat prestatu eta batzar informatiboan aurkeztu du asteon. Mozio horrek, baina, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) ezezko botoak jaso dituela adierazi dute: “Esan dutenez, Eudelen adierazpen instituzionala dagoelako eman dute ezezko botoa”. EH Bilduk, hala ere, Eudelen adierazpen instituzionala ere babestu duela aipatu dute.
“Esan genien gauza bat dela Bizkai, Araba eta Gipuzkoako herri guztietarako balio duen proposamen bat onartzea, eta beste gauza bat dela Busturirako proposamen zehatzak egiten dituen mozio bat edukitzea; beharrezkoak diren proposamenak dira, gainera. Ezezkoa justifikatu dute guk proposatzen ditugun gauza horietako batzuk martxan daudela esaten, edota Uemarekin lanean daudela esaten”, diote EH Bildukoek. Baina, diotenez, urteak daramatzate udalaren webgunean .eus domeinua jartzeko eskatzen, “eta oraindik ez da egin”.
Busturiko EH Bilduren mozioak honako konpromisoak zehazten zituen:
-
Erakundeak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
-
Gure administrazio publikoaren lan deialdi eta kontratuetan hizkuntza irizpideak zehaztea eta ezartzea.
-
Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea, hala nola, .eus domeinua eta euskararen erabilera Interneten.
-
UEMA babestu, indartu eta zabaltzea.
-
Urte anitzeko hitzarmenak sustatzea euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
-
Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan
-
Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea, federazioarekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
-
Gazteentzako euskarazko aisialdi zerbitzuak sustatzea eta zabaltzea.
-
Familia eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
-
Migratzaileentzako laguntza ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
-
Eremu guztietako eragileekin, hau da, enpresa, elkarteekin eta beste hainbat erakunderekin akordioak bilatzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
-
Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.
-
Kate erabilera sustatzeko helburuarekin, kanpaina berezituak abiatzea.