BizkaiKOA museoetan, ‘Ondarea, berbetan’
Museoek euskaraz jarduten dutela agerian jartzeko, euskara euskarri fisikoetara ekarriz, museoen ondarea haien berbetan islatzeko helburua dauka ‘Ondarea, berbetan’, ekimenak. BizkaIKOA sarean dauden museo bakoitzak zein bere alfabetoa osatu du.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskararen Etxearen eta BizkaiKOA Bizkaiko foru museoen sarearen bidez Ondarea, berbetan ekimena ondu du, museoetan euskararen presentzia nabarmentzeko.
Museoen ondarea haien berbetan erakusteko asmoz, zentroetako ondarearen araberako euskarazko alfabeto propioak egin dituzte. Hau da, museoek biltzen dituzten obren edo ondarearen berbekin osatu dituzte, eta totem ikusgarri batzuetan daude ikusgai gaurtik.
Gainera, bisitariek berba horiekin osatutako hiztegi txiki bat eskuratu dezakete, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko ordainekin.
Bisita bereziak Busturialdean. Halaber, museoek euskaraz jarduten dutela nabarmentzeko, museoek doako hainbat jarduera berezi antolatu dituzte.
Bermeoko Arrantzaleen museoan, Atunaren bisita prestatu dute. Hau da, eurek osatutako alfabetoan jasotako berbei jarraituz, hegaluzearen inguruko bisita egingo dute gaur, 18:00etan.
Hegaluzearen arrantzaren historia ezagutzeko bisita egiteko aurretiazko erreserba egitea derrigorrezkoa da. Horretarako, 94-688 11 71 telefono zenbakira deitu edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora mezu bat bidali behar da.
Bestelako proposamena dakar Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak. Itsasoa bakarra da: Indalexio eta Santiago saioan parte hartzen dutenek euskal kostaldeko “lilurak bizitzeko” aukera izango dute. Doro Zobaran ipuin kontalari busturiarrak helduentzako saio berezi bat eskainiko du, kantu eta narrazioen bidez, 19:00etatik aurrera.
Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren hainbat lanetan oinarritutako ibilbidea izango da, besteak beste, Agurea eta itsasoa edo Lehoi zintzoa lanetan oinarritua. Hain zuzen ere, gaurko narrazioa Hemingway & Euskal Herria aldi baterako erakusketari lotutako jardueren sortaren parte da. Erakusketan, idazle amerikarrak Euskal Herriarekin eta bertako jendearekin bizitza osoan zehar izan zuen harreman sakona azaltzen da, eta 2022ko urtarrilaren 30era arte dago ikusgai.
Euskal Herria Museoko gaurko ekitaldian parte hartzeko ere derrigorrez aurrez izena eman behar da, 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita.
Bestalde, Kortezubiko Santimamiñe kobako bisitak ere bertan osatutako alfabotoetan oinarrituko dituzte gaur. 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan dira bisitak, eta 94-465 16 57 telefono zenbakira deituta edo santimamine@bizkaia.eus helbidera mezua bidalita erreserba egin behar da.
ALFABETOAK:
- Bermeoko Arrantzaleen Museoa: Arrain, Bits, Dorretxe, Estropada, koFradia, sareGile, Hegaluze, Itsaso, Jai, Kostalde, Legatz, Murtzila, Neskatila, Ontzi, Portu, patRoi, Sare, Txikota, Ur, tXo, otZara
- Gernikako Euskal Herria Museoa: Armarri, Baserri, Dantza, Erritu, Foru, Goru, Hegoalde, Iraultza, Jauregi, Kaiku, Lurralde, Mapa, Nortasun, Ohitura, Pandero, eRromeria, Sagardo, Trikitixa, tXapel, Zesta-punta
- Kortezubiko Santimamiñe: Aztarnategi, Bultzagailu, Datazio, Etxola-hondo, Flotazio, Grabatu, Harri-pintza, Igitai-hortz, Jariatze, Karrakailu, Labar-arte, Maskortegi, Neolito, Orein-adar punta, Perkusio-erraboil, aRrankazi, Sareta, Trikuharri, Urruntzaile, tXartatzaile, Zutabe estratigrafiko
- Bakioko Txakolingunea: Ardo, Baserri, Dolare, Eguzki, Filoxera Garraztasun, Hondarrabi, Inausketa, Jatorrizko deitura, Kupel, Lurrak, Mahats, Nortasun, Ontze, Pitxer, goRri, Sustrai, Txakolin, Upategi, Xurgatu eta Zapore
- Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa: Artile, Buztan, Dinamo, Ehungailu, Fabrika, Galtzerdiak, Hari, Irute, Jantzitegi, Karda, Lehortegi, Mataza, Neurgailu, Oihal, Poleak, eRremailadora, Selfaktina, Txarrantxa Uhal, Xaboitu, Zulagailu
- Bilboko Arkeologi Museoa: Aurpegibiko, Bihi, Dolare, Errekuntza-hobi, Falka, Gerriko-plaka, Hilobi-harri, Indusketa arkeologiko, Jaurtigai, Koprolito, Laginketa, Moustier aldi, Nekropoli, Opaiztu, Puntzoi, eRrausketa, Suharri, Testuinguru-arkeologia, Ukitu, Xafla mehe, Zulakaitz
- Euskararen Interpretazio Zentroa (Euskararen Etxea): Azoka, euskara Batua, D eredua, Euskalduna, Fonemak, euskalGintza, Hitanoa, Itzultzaile neuronala, Jarrera, Korrika, sozioLingusitika, Mintzapraktika, Normalkuntza, Ofizialtasuna, Poto, BeRria, Seaska, Txiokatu, Unibertsala, Xuxurlaria, Zonaldeko euskara
- Musizko El Pobaleko Burdinola museoa: AAgoa, Burdin, Dinbi-danba, Egur-ikatz, Forjatu, Gurpil, Hauspo, Ingude, Jauntxo, Kurrikak, Labe, Mailu, Naza, topiÑa, Olagizon, Pago, eRrementari, Su, Totxo, Ur, Xafla, Zepa