Herriko arkitektura garaikidea eta historia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte
Gorka Perez de la Peñak eskainiko ditu arkitektura garaikidea ezagutzeko bisita gidatuak; herriko historia azaltzeaz, berriz, Urdailife arduratuko da. Aldez aurretik izena eman behar da.
Bermeoko arkitektura garaikideak kalitate “bikaina” du; “batez ere, bere arkitektoen garrantziagatik”, diote udal ordezkariek. Teodoro Anasagasti, Pedro Ispizua eta Fernando Arzadun euskal eta europar arkitekturan garai horretako profesional onenen artean daudela nabarmendu dute. Modu horretan, XX. mendearen lehenengo erdian nagusi ziren korronte estilistikoetatik ibilbidea egitea proposatzen du Bermeoko Udalak. Horretarako, bisita gidatuak antolatu dituzte abenduko zubira begira, herriko arkitektura garaikidea eta Bermeoko historia gertutik ezagutzeko.
Gorka Perez de la Peña adituak emango ditu bisita gidatuetan azalpenak, besteak beste, hurrengo eraikinen azalpenak eskainiko ditu: Kikunbera etxea, Kasinoa, Batzokia, Nautika eskola, Sagrado Corazon ikastetxeko kapila, Casa del Niño, Ospitale psikiatrikoa, Udal hilerria…
Bisita gidatuak abenduaren 6an eta 11an egingo dira, 11:30ean. Izena eman gura duenak Bermeoko Turismo Bulegoan egin beharko du (94-617 91 54). Bisitak doakoak izango dira.
Historiari dagokionez, gertakizun garrantzitsu asko egon izan dira Bermeon: suteak, itsasontzi hondorapenak… “Gertakizun horiek eragina izan dute bermeotarren izaeran, eta hori guztia herriko hainbat lekutan islatzen da”. Urdailife arduratzen da, berriz, gertakizun horiek guztiak azaltzeaz. Abenduaren 8an eta 12an egingo dituzte bisitak, 11:00etan. Urdailifen webgunean eman daiteke izena eta 12 euro ordaindu beharko dira.
“Uste dugu bi bisita hauek plan aparta izango direla kanpotarrentzat zein herria hobeto ezagutu gura duten bermeotarrentzat ere”, esan du turismo zinegotzi Kepa Zumetak.