Bermeo "feministago" baten aldeko apustua egiten du EH Bilduk
Ikuspegi feministagaz lan egin behar dela nabarmendu dute, "egunero eta eremu guztietan". Hala, hainbat proposamen aurkeztu dituzte udalean.
Bermeoko EH Bilduk uste du emakumeek gizarte «bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta askeagoa» behar dutela. Hala, Bermeo «feministago» baten aldeko apustua eginez, hainbat proposamen aurkeztu dituzte udalean.
Azaldu dutenez, pandemiak «agerian» utzi du feminismotik «aspaldi aldarrikatzen» zena: «bizitza zaurgarria eta dependientea dela». Gaineratu dute egiaztatuta dagoela emakumeek eta neskek «eragin negatiboagoa» eduki dutela krisi horretan, batez ere, krisialdira «zaurgarritasun edo diskriminazio handieneko egoeran sartu zirenentzat».
Horrek guzti horrek desberdintasunak gehiago areagotu eta emakumeen eskubideetan atzerapena eragin ez dezan, uste dute «are premiazkoagoa» dela genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzen duten «neurri feministak» hartzea.
Baliabide gehiago. EH Bilduren arabera, indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko «ezinbestekoa» da berdintasun politikei «beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea». Ikuspegi feministagaz lan egin behar dela nabarmendu dute, «egunero eta eremu guztietan». Beharrezkoa dela diote «guztiontzako bizitza duina bermatzea».
Hori guztia kontuan hartuta, Bermeoko EH Bilduren udal taldeak honako proposamenak egin dizkio udal gobernuari:
- Berdintasun kontseilua indartu eta martxan jartzea.
- Emakumeen parte hartzerako guneak sustatzea eta herrian emakumeen etxea sortzea.
- Kolektibo eta pertsona ahulenen egoera eta beharrak aztertzeko programak indartzea.
- Udaleko antolamenduan indarkeria matxistaren aurkako erantzun publikorako edo arreta eta koordinaziorako protokoloak talde feministekin eta emakume taldeekin, era parte hartzailean, jarraipena egin, ebaluazioa eta berrikuspen egokiak egin.
- Herriko emakumeen ehun-soziala indartzeko neurriak ematea.
- Indarkeria matxisten egungo egoeraren analisiari erantzuteko estrategiak eta tailerrak lantzea.
- Indarkeria matxisten aurkako Euskal Itun Sozial bat lortzeko, Eusko Legebiltzarrari eskatzea elkarrizketa mahaia sortzea, eragile politiko, sindikal, sozial eta hezkuntzakoekin.