Kaltzadan Gora Extreme lehiatuko dute Elantxoben
San Nikolas jaien barruan lehiatuko dute proba. 2019an egin zuten lehenengoz, eta orduko Imanol Goñik ezarritako errekorra gainditzeko erronka luzatu dute antolatzaileek. Orduan moduan, umeen herri krosa ere egingo dute aurten. Halaber, herri kirol erakustaldia eta umeentzako egurrezko jolasak ere egongo dira astelehenean [abenduak 6].
Atxurkulu Mendi Taldeak, Elantxobe Arraun Elkarteak eta Elantxobeko Udalak antolatuta, Kaltzadan Gora Extreme lasterketa lehiatuko dute astelehenean (abenduak 6), 10:00etatik aurrera, Elantxoben.
Portuan, Tinglautik irtenda, 1.100 metroko ibilbidea (227 metroko desnibela) egingo dute korrikalariek.
Emakumezkoetan zein gizonezkoetan, lehenengo sailkatuek 100 euro irabaziko dituzte, bigarrenek 75 euro eta hirugarrenek 50 euro. I. Kaltzadan Gora Extremen Imanol Goñik ezarritako marka gainditzen duena ere sarituko dute, 100 eurogaz. 2019an, natxituarrak 7 minutu eta 28 segundotan amaitu zuen kilometro bertikala.
[IKUSI 2019KO ARGAZKI GALERIA]
Astelehenean bertan izena eman ahalko bada ere, aurretiaz izena eman gura dutenek kaltzadangora2021@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali behar dute. Izen emateagatik 5 euro ordaindu behar dira.
Orain dela bi urteko I.Kaltzadan Gora hartan, 44 korrikalarik parte hartu zuten. “Lehenengo urtean proba polita irten zen, eta pozik geratu ginen. Antolakuntza aldetik hobetzeko gauzak ikusi genituen, eta oraingo honetarako horiek hobetzen ahalegindu gara”, esan dute antolatzaileek. 2019an modura, aurten ere umeen herri krosa egingo dute, 10:00etan hasita.
San Nikolas jaien barruan lehiatuko dute proba. “Jaien barruko ekitaldi guztiak kontu handiz egingo ditugu, neurriekin. Ekintza guztiak kalera ateratzea erabaki dugu”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Goizeko ekintzak Elizabarrin egingo dituzte, eta arratsaldekoak portuan. Eguerdiko mezaren ostean, herri kirol erakustaldia egongo da. Arratsaldean, berriz, umeek egurrezko jolas tradizionalekin jolasteko aukera edukiko dute Zuresku elkartekoei esker. Iluntzeko protagonista, ostera, musika izango da; rock doinuekaz beteko dute Tinglaupea.
San Nikolas jaiak, abenduak 6 (astelehena):
- 10:00. Kikimarrau, umeen herri krosa.
- 10:00. II. Kaltzadan Gora Extreme.
- 12:00. Meza Nagusia, Zornotzako abesbatzarekin, San Nikolas elizan.
- 13:00. Antzinako serratokiaren erakustaldia eta trontza eta motozerra erakustaldia, Arana anaien eskutik, Elizabarrin.
- Ondoren. Txistulariek alaitutako poteoa.
- 17:30. Zuresku egurrezko jostailuak, portuko Tinglaupean.
- 20:00. Kontzertuak, portuko Tinglaupean: The Uski’s, The Smoke Dealers, Linea Continua.