Sentsazio "garratzekin" galdutako partidua
Partidu hasieratik markagailuan aurretik joan arren, Gernika RTk hiru puntugatik galdu du Les Abellesen kontra. Talde gernikarrak funtsezko jokaldietan puntuak lortzeko dituen zailtasunak agerian geratu dira Urbietako partiduan, eta Ohorezko Mailaren azken postutik ihes egin ezinik segitzen du.
Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak 26 eta 29 galdu zuen CP Les Abellesen kontra, atzo eguerdian [azaroak 28], Ohorezko Mailaren 6. jardunaldian.
Oraindik garaipena ezagutu ez duen talde bakarra izanik, sailkapenean aurkariengana gerturatu ahal izateko denboraldiko lehen garaipena eskuratzea zen basurdeen helburua. Les Abellesek, bestalde, garaipena eskuratu eta sailkapenaren behealdetik ihes egitea zuen helburu. Eta lortu zuen, atzoko garaipenarekin Valentziako taldea sailkapenaren erdialdean kokatu da. Talde gernikarrak sailkapenaren azken postutik aldentu ezinik jarraitzen du; puntu bat eskuratu zuen atzo, eta hortaz, gaur gaurkoz bi puntu ditu.
Aurretik hasi. Partida ondo hasi zen Gernika-Lumoko taldearentzat. Lokatzez beteriko zelaian, nahi bezala kokatuta ekin zioten, markagailuan goiz aurre hartzea lortuz. Estanislao Renthel argentinarra izan zen zigor-ostiko bat baliatuz basurdeak markagailuan aurretik jarri zituena. Segituan, Austin Marc Davidsek Les Abellesi baloia lapurtzea lortu, eta Gaizka Iturriaga-Echevarriak neurketako lehen entsegua lortu zuen, markagailuan 8 eta 0koa jartzea lortuz. Les Abellesek, ordea, ez zuen denbora asko behar izan beste entsegu batekin erantzuteko (Joaquin Rodonek egin zuen).
Zelaiaren egoera abantaila izan zitekeen bertan jokatu eta entrenatzera ohituta dagoen taldearentzat. Hasiera batean meleetatik onura ateratzeko gai izan zen etxeko taldea, baita touchetan trebe aritzeko ere. Renthel izan zen berriro ere zigor ostikoaz baliatuz, markagailuan tartea handitzea lortu zuena. Bost minutu beranduago, lehen ordu erdia betetzear zela, Peio Urrutiak neurketako bigarren entsegua eskuratu zuen:16 eta 5. Emilien Cabale Les Abelleseko jokalariak, baina, entsegu batekin bere taldea markagailuan gerturatzea lortu zuen. Eduard Sorrilles izan zen entsegu horren transformazioarekin, eta minutu gutxiren buruan ona eginiko zigor-ostiko batekin, atsedenaldirako markagailuan 16 eta 15ekoa jarri zuena.
Bigarren zatia ez zen espero bezala joan gernikarrentzat. Basurdeek ez bezala, Les Abellesekoek izandako aukera guztiak aprobetxatu zituzten. Izan ere, agerian geratu zen Gernika RTk zailtasun handiak dituela funtsezko jokaldietan puntuak eskuratzeko.
Les Abelles aurretik. Epaileak partida berrabiarazi eta pare bat minutura iritsi zen talde valentziarraren entsegua Roy Afasa Asuega Vucagoren eskutik (16-22). Denboraldian zehar basurdeak garesti ordaintzen ari dira beraien akatsak, eta atzo, talde valentziarra akats horiek bere mesedetan erabiltzeko gai izan zen.
Juan Bautista Arranz (Gernika RTko jokalaria): “Sentsazio garratzak utzi dizkigu partiduak, gure akatsengatik ihes egin ditu partiduak. Burua altxatu eta lanean jarraitu behar dugu“
Juan Bautista Arranzen entseguari esker (Renthelek transformatu zuen), etxekoek berriro ere aurretik jartzea lortu zuten. Markagailua horrela mantendu zen neurketako azken hamar minutuetara arte. Une horretan Gernikak hagetarako ostikoa jaurtitzea erabaki zuen, garaipena eskuratu ahal izateko Valentziako taldea entsegu bat egitera behartzeko. Renthelek jaurtiketa egitearen ardura hartu, eta hiru puntu eskuratu zituen. Les Abelles ez zegoen amore emateko prest, eta erasoan jarraitu zuen, garaipena eman zion entsegua eskuratu arte; Marcos Ozuk egin zuen entsegua, markagailuan 26 eta 29koa lortuz.
Bi asteko etena. Ohorezko Mailako hurrengo jardunaldia abenduaren 18 eta 19ko asteburuan jokatuko dute. Gernika-Lumoko taldeak Complutense Cisneros bisitatuko du. Talde madrildarra zazpigarren sailkatua da, sei jardunalditan hiru garaipen eskuratuta (12 puntu ditu).
*ARGAZKIAK: TXEBI ARRIAGA/ANGEL GRANDE