Olatz Arrizabalagak nagusitasun osoz irabazi dio Miren Larrarteri
Master Laboral Kutxa txapelketaren final-laurdenean, Olatz Arrizabalaga gernikarrak 18-7 irabazi dio Miren Larrarte bidaniarrari. Arrizabalagak esan du "gura zuen partidua atera zitzaiola". Finalerdia Amaia Aldairen kontra jokatuko du domeka honetan.
4 1/2ko Master Laboral Kutxa txapelketaren final-laurdenean, Olatz Arrizabalaga gernikarrak 18-7 irabazi zion Miren Larrarte bidaniarrari, bariku arratsaldean [azaroak 26], Orduñan.
Hortaz, aurrelari gernikarrak Amaia Aldairen kontra jokatuko du finalerdia, domeka honetan [abenduak 5], Muskizen, 12:00etan hasita.
Partiduagaz “oso gustura” dago Arrizabalaga: “Partidua ondo joan zen, hasieratik gauzak argi eduki nituelako. Gura izan nuen partidua atera zitzaidan. Hasieratik amaierara kontrolatu nuen partidua, eta momentu batean ere ez nintzen partidutik irten”. Uste du partidu “perfektua” izan zela. Larrarteri ez zion aukerarik eman, ez zion bere jokoa egiten utzi: “Banekien aurrean pilotaren bat utzi gero, teknikoki bera oso ona denez, zaildu ahalko zidala. Nire helburua indarrean jokatzea izan zen, berari bere jokoa egiten ez uztea”.
Finalaurrekoa. Muskizeko finalerdia parekatua izatea aurreikusten du gernikarrak: ” Uste dut partidua ez dela erraza izango. Amaiak eta nik jokatzeko estilo bera daukagu, nahikoa antzekoak gara horretan. Partiduan ondoen sartzen denak edota konfiantza gehiagogaz dagoenak aterako du partidua aurrera”. Aldai pilotari indartsua dela dio: “Bai pilotan jokatzerakoan, eta bai fisikoki ere indar asko dauka. Beraren kontra jokatzen ez zaude eroso”. Partidu asko jokatu dituzte alkarren kontra, eta beraz, oso ondo ezagutzen dute alkar kantxa barruan zein kanpoan: “Biok dakigu edozeinen alde joan litekeela partidua, eta oso ondo jokatu beharko dugula irabazteko”.