Goreneko fiskaltza COVID ziurtagiria eskatzearen alde agertu da
Espainiako Auzitegi Goreneko hirugarren aretoak bost egun dauzka orain erabaki bat hartzeko.
Gaueko aisialdiko lokaletan eta 50 pertsonatik gora har ditzaketen jatetxeetan COVID ziurtagiria exijitzea “neurri egokia, beharrezkoa eta neurrizkoa” dela uste du Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzak aurkeztu duen txostenean, eta auzitegi horretako administrazioarekiko auzietarako sailari eskatu dio “baimena eman diezaiola” Eusko Jaurlaritzari neurri hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezar dezan.
EAEko Auzitegi Nagusia COVID ziurtagiria exijitzearen aurka agertu zen azaroan 22an, baina Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Orain, auzitegi horretako fiskaltzak ontzat jo du errekurtsoa, eta neurria ezarri ahal izateko eskumena eskatu du Jaurlaritzarentzat. Hain zuzen ere, irailaren 14ko Galiziako COVID ziurtagiriaren 1112/21 epaia hartu du oinarri fiskaltzat.
Espainiako Auzitegi Goreneko hirugarren aretoak bost egun dauzka orain erabaki bat hartzeko, baina iturri juridikoek aurreratu dutenez, ebazpena epea amaitu baino lehen jakitera eman dezakete. Esan dutenez, Auzitegi Goreneko Administrazio auzietarako aretoak gaiari “lehentasuna” eman eta erabaki beharko du.