Derbi lehiatuan lortutako garaipena
Lointek Gernika Bizkaiak 69 eta 47 irabazi dio Kutxabank Araskiri. Eurokoparen jardunaldi erabakigarrian, talde gernikarrak Flammes Caroloren kontra jokatuko du eguazten iluntzean [abenduak 1], Malosten.
Garaipenek ematen duten indarragaz, konfiantzagaz eta bultzadagaz ekin dio aste erabakigarriari Lointek Gernika Bizkaiak. Emakumezkoen Ligaren 10. jardunaldian, 69 eta 47 irabazi zion Kutxabank Araskiri, zapatu arratsaldean [azaroak 27].
Itziar Ariztimuño jokalari bilbotarrak esan moduan, orain, “hil ala biziko” partidua jokatu behar dute. Eurokoparen hurrengo fasera sailkatzea daukate jokoan. Talde gernikarrak Flammes Caroloren kontra jokatuko du eguazten iluntzean [abenduak 1], Malosten.
“Partidua zaila izango da, gogorra, baina ea gure defentsa eta eraso ona eginda, aurrera atera ahal genezakeen”, dio Ariztimuñok. Bere taldekide Roso Buch katalaren berbetan, eguaztenekoa “final handia” da: “Etxean irabazi eta hurrengo fasera pasatzen ahaleginduko gara. Espero dugu zapatuko derbian egondako giroa egotea, eta partidu ona egitea lortzea”.
Jokalariek derbian egindako lanagaz “pozik, asebeteta eta harro” zegoela esan zuen Mario Lopez Gernikaren entrenatzaileak zapatuan: “Hauxe da taldeak beti erakutsi behar duen itxura. Kantxan dena eman dute”. Taldeak erakutsitako izaera “harro egoteko modukoa” dela azpimarratu zuen.
Denboraldi honetan ligan lortu duten seigarren garaipena da honakoa. Sailkapenean seigarren postuan daude, 16 puntugaz, eta beraz, Erregina Koparako sailkapena lortzeko helburuan, garaipen guztiek balio handia daukate. “Garaipen garrantzitsua da guretzat. Derbi guztiak intentsitate handiz bizi ohi ditugu. Partidu polita eta oso lehiatua izan zen, nahiz eta markagailuan hori ez islatu. Intentsita handikoa eta fisikoa izan zen”, azaldu du Buchek.
Roso Buch (Gernikako jokalaria): “Etxean horrela jokatzen dugunean zaila da gu geldiaraztea”
Zapatuko neurketaren lehen zatia oso parekatua izan zen; esaterako lehen laurdena amaitzeko hamazazpinako berdinketa da parekotasun horren adierazgarri. Hiru puntuko aldeagaz (35-32) heldu ziren atsedenaldira, eta etxekoek bigarrenean apurtu zuten partidua. “Lehenengo zatian bagenekin lan ona egiten ari ginela, denok kontzentratuta egon gara. Gure jarreragaz pozik egon da entrenatzailea, eta horrela jarraitzeko esan digu. Etxean horrela jokatzen dugunean zaila da gu geldiaraztea”, dio jokalari mataroarrak.