Astetik astera, Busturialdeko egoera epidemiologikoak okerrera egin du
Gaur gaurkoz, hamahiru dira 150eko intzidentzia tasa gainditzen duten eskualdeko udalerriak: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Ea, Elatxobe, Ereño, Errigoiti, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mundaka, Murueta eta Sukarrieta. Gune laranjan daude Forua eta Muxika.
Osasun egoera ebaluatzeko bildu dira gaur osasun saila eta Iñigo Urkullu Lehendakaria. Azken asteko bilakaera ikusita, neurriak hartzeko aukera aztertzen ari dira. Atzo [azaroak 28] 648 kutsatze berri zenbatu zituztela zehaztu dute osasun arduradunek, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, COVID-19ak jota, 200 gaixo baino gehiago dauela gaineratu dute. Testuinguru horretan, Gotzone Sagardui osasun sailburuak esan du litekeena dela osasun larrialdia aurreikusitakoa baino lehenago ezartzea.
Joan den astean esan zuen Sagarduik ZIUetan COVID-19aren ondorioz 50 gaixo izatera heltzean aztertuko zukeela Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzea. Gaurko bileraren ostean esan du posible dela ZIUetan 50 gaixo izan baino lehen ezarri behar izatea, gainerako adierazleek okerrera egin dutelako -gaur gaurkoz 40 gaixo daude ZIUn COVID-19ak jota–.
12 urtetik beherakoei txertoa jartzeari dagokionez, Sagarduik esan du oraindik ez dutela ezer zehatz erabakita; izan ere, Osakidetzak oraindik ez daki zenbat dosi helduko diren. Hori dela eta, datu hori izan arte itxarongo dute txertoak non eta nola jarri erabaklitzeko. Heltzen den dosi kopuruaren araberako plan ezberdinak dituztela zehaztu du osasun sailburuak.
Horrez gain, jakinarazi du 60 urtetik gorakoek errefortzuko dosia hartzeko aukera dutela gaurtik aurrera [azaroak 29].
Hamahiru udalerri eremu gorrian. Gaur gaurkoz, hamahiru dira 150eko intzidentzia tasa gainditzen duten eskualdeko udalerriak: Ajangiz (454,55), Arratzu (243,90), Bermeo (479,01), Ea (239,23), Elantxobe (280,11), Ereño (362,32), Errigoiti (204,08), Gernika-Lumo (434,32), Ibarrangelu (161,03), Kortezubi (226,24), Mundaka (162,78), Murueta (321,54) eta Sukarrieta (898,20). Halaber, eskualdeko beste bi udalerri daude eremu laranjan, Forua (110,62) eta Muxika (133,78). Izan ere, eskualdeko egoera epidemiologikoak gora egin du azken astean, azken lau egunetan COVID-19aren 65 kasu positibo erregistratu baitituzte Busturialdean.
Duela astebete hamar ziren eremu gorrian zeuden eskualdeko udalerriak, eta hamahiru ziren eguenean. Azken lau egunetan Mendata eta Muxika eremu gorritik atera dira, baina Ajangiz eta Ea sartu dira.
Azken lau egunetan eskualdeko bi herri nagusietan zenbatu dira COVID-19aren kasu gehienak Busturialdean. 31 erregistratu dituzte Gernika-Lumon eta 25 Bermeon. Azken asteari erreparatuta, 42 eta 40 kasu zenbatu dituzte bi herrietan, hurrenez hurren.
Gune gorrian sartu dira Ajangiz eta Ea. Azken lau egunetan bi positibo zenbatu dituzte Ajangizen, eta bakarra Ean. Azken astean, bi positibo izan dira bi herri txikietan, eta ondorioz, 150eko intzidentzia tasa gainditu dute.
Azken lau egunetan positibo bana izan dute Arratzun, Foruan, Mundakan, Muruetan, Muxikan eta Sukarrietan. Ez da positiborik egon Elantxoben, Ereñon, Errigoitin, Ibarrangelun eta Kortezubin, baina gune gorrian egoten jarraitzen dute. Izan ere, azken hamalau egunetako positibo kopurua da intzidentzia tasa kalkulatzeko erabiltzen dutena.