Kontserba sektoreko langileek "hitzarmen duina" eskatu dute Bermeon
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, "Bizkaiko patronala ez da sektoreko langileen baldintzak negoziatzeko borondaterik erakusten ari".
Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektorea kalera atera zen atzo, “lan hitzarmen duin” baten alde egiteko. Busturialdeko kontserba sektoreko langileak Bermeon batu ziren eta elkarretaratzea egin zuten Lameran.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Cebek Bizkaiko patronalak ez du sektoreko langileen baldintzak “negoziatzeko borondaterik erakutsi“. Hori horrela, patronalaren “itxikeriaren aurrean”, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien “kontrako gehiegikeriak” amaitu daitezen eskatzeko atera ziren kalera.
“Soldaten inguruko eskaintza txiki bat egin dute, baina, lan baldintzen inguruan ez dute berba egin nahi. Uko egin dute sindikatuek plataformetan planteatutako gainerako gaiak negoziatzeari, prekaritateagaz eta lan-osasunagaz zerikusia duten gaiak negoziatzeari. Soldata igoera apur bat besterik ez dute adostu nahi, eta guk diogu, ailegatu dela momentua hitzarmen duin batera jauzia emateko”, dio Jobi Alkorta LAB sindikatuko ordezkariak.
Sindikatuek gogorarazi dute kontserbetako langileak oinarrizko langiletzat hartu zirela pandemian, “baina patronalak orain, ez diola garrantzirik ematen, pandemian funtsezko sektoretzat hartu zenari euren baldintzak hobetzerako orduan”.
Deialdia egin duten lau sindikatuak ados daude soldatetan jauzi handi bat eman behar dela, baina horrez gain, “lan baldintzetan hobekuntzak eman behar direla” uste dute. Hori dela eta, borroka luzea izango dela aurreikusten dute, “gai horiek guztiak mahai gainean jarri behar direlako”.
Greba. Martitzenerako [azaroak 30] ere greba daukate deituta sindikatuek. Informazio taldeak egongo dira goizeko lehen orduetan, eta manifestazioak egingo dira Bermeon eta Ondarroan 11:00etan.