Etxahun Lekuek irabazi du, eta Etxebarriazarraga laugarrena izan da
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan gailendu da Lekue. Etxebarriazarragak puntu-erantzunetan lortu du saioko puntuaziorik altuena. Azken kanporaketan ariko dira Ander Elortegi eta Julen Arzanegi.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu zuten atzo Galdakaoko pilotalekuan, eta Etxahun Lekue izan zen onena. Saioa irabazita, finalerako txartela lortu du Larrabetzuko bertsolariak. Aitor Etxebarriazarraga bertsolari gernikarra laugarrena izan zen.
Puntu asko bildu zituzten atzoko saioan, izan ere, lan puntuagarri guztiak egin ostean, Lekuek 547,5 puntu eskuratu zituen; lehen kanporaketako irabazle Gorka Pagonabarragak, berriz, 529 bildu zituen bere saioan. Lekueren atzetik sailkatu zen atzo Aitor Bizkarra, 541,5 puntu lortuta. Hirugarren sailkatu zen Xabat Galletebeitia lekeitiarra, eta laugarren Aitor Etxebarriazarraga gernikarra; 524,5 eta 520,5 puntu bildu zituzten hurrenez hurren. Bosgarren postua Oihana Batrarentzat izan zen eta seigarrena Josune Aramendi markina-xemeindarrarentzat.
Zortziko handian eta zortziko txikian nagusitu zen atzo larrabetzuarra, eta hamarreko txikian eta bakarkakoan, berriz, Bizkarra. Etxebarriazarragak puntu-erantzunetan lortu zuen saioko puntuaziorik altuena. Galletebeitiak lan ona egin zuen zortziko txikian eta zortziko handian –Lekuerengatik gertu geratu zen lekeitiarra bi ariketa horietan–.
Igor Menikak egin zituen gai-emaile lanak, eta epaimahaian jardun zutenak izan ziren Alaitz Etxanobe, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Graxi Arregi, Joseba Santxo eta Miriam Juaristi. Itziar Basterretxea Olarreagak idazkari beharrak egin zituen.
Atzokoan ere, lehen kanporaketan bezala, bete egin zen Galdakaoko pilotalekua, 600 lagunetik gora elkartu baitziren bertan. Segurtasun neurriak indartuta, gogoz hartu zuten bertsozaleek bertso saioa.
Azkena, Larrabetzun. Larrabetzuko kiroldegiko oholtzan jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa; zapatuan 17:00etan jarri dute hitzordua.
Han erabakiko da finalean zein bertsolari ariko dira. Eta azken kanporaketa horretan ariko Ander Elortegi bertsolari natxituarra, Julen Arzanegi gernikarra, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra, Jone Uria, Eneko Abasolo eta Txaber Altube.
Txapelketako saioetarako sarrerak salgai daude, eta horiek eskuratzeko bide desberdinak daude: www.bertsosarrerak.eus webgunean edota saioko egunean bertan, 16:00etatik aurrera, txarteldegian. Antolakuntzak sarrerak webgunetik erosteko gomendioa egin du, saioetan ilara gutxiago sortzeko.
Sailkapena, gaur gaurkoz
- Etxahun Lekue: 547,5 puntu. (Sailkatuta)
- Aitor Bizkarra: 541,5 puntu.
- Gorka Pagonabarraga: 529 puntu. (Sailkatuta)
- Xabat Galletebeitia: 524,5 puntu.
- Aitor Etxebarriazarraga: 520,5 puntu.
- Oninta Enbeita: 518,5 puntu.
- Miren Amuriza: 505,5 puntu.
- Oihana Bartra: 504 puntu.
- Imanol Uria: 488 puntu.
- Josune Aramendi: 463,5 puntu.
- Ibon Ajuriagojeaskoa: 441,5 puntu.
- Paule Ixiar Loizaga: 434 puntu.