'Guernica' herriratzeko aldarriagaz jarraituko dute
40 urte luzez entzun den aldarria eguneratu eta ozen oihukatzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute gaur Memoriaren Lekuko Plataformako kideek. Memoria pluralizatu beharra babestu dute.
Munduan zehar ematen diren sarraski bidegabeak salatzen ditu Pablo Picassoren Guernicak. 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutela islatu zuen artistak malagarrak, eta koadroak Gernikan egon beharko lukeela aldarrikatu dute gaur udalerrian.
Guernica Gernikara aldarria 40 urte luzez entzun da han eta hemen, eta aldarria eguneratu eta ozen oihukatzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute gaur Memoriaren Lekuko Plataformako kideek: “Irailean 40 urte bete dira ‘El Guernica‘ ozeanoaren beste aldetik lekualdatu zutela. Horren harira, ekimen batzuk antolatu ditugu azken hilabete hauetan. Gaurkoarekin errematea ez ezik, beste mugarri bat jarri nahi dugu: Ez dugu aldarrikapenarekin etsiko”.
Izan ere, azken 40 urteetan koadroa Madrilen “bahituta” eduki dutela salatu dute: “Trantsizio deiturikoaren –transakzio deitzea hobe– ziurtagiri bihurtu zuten koadroa eta Madrilen kustodiatuta jarraitzen du”. Eta zergatik jarraitzen duen Madrilen galdegin dute gaur: “Ez al dago beste lekurik? Santiago Carrillo komunisten buruzagi ohiak zera esan zuen: ‘Nire ustez, abarkadunen polemika da Guernica eskuratu nahi izatea hura inspiratu zuen herria existitzen delako, edo Malagara eraman nahi izatea Picasso han jaio zelako'”.
Herri baten aldarrikapena da ‘Guernica Gernikara’. Lau hamarkada luzez aldarrikapenaren aldeko hainbat argumentu josi behar izan dituzte, eta esparru ezberdinetatik bideratu dituzte argudioak: artistak, eragile sozialak, alderdi politikoak… Baina Guernica Gernikara aldarrikapena eguneratzea ez dela erraza izan adierazi dute, ez dagoelako gizartearen agendan sartuta: “Koadroak atzean duen historiak guztion kontzientzian burrunba izugarria egin beharko luke, baina, ez dago gizartearen agendan. Ez da trending topic bihurtuko”. Horrek zenbait zalantza sortzen dizkie plataformakoei. Ondorioz, historia gogora ekartzeak merezi ote duen galdegin dute, baita memoria partekatzea gizartearentzako lagungarria izango ote den ere. “Gertakariak hain azkar pasatzen diren garai honetan posiblea al da memoria?”.
Euskal identitatea. Helburua ez da soilik koadroa Gernikara ekartzea, helburua askoz sakonagoa da. Guernica ekarriz euskal identitatea iraultzea eta euskal kultura eraberritzea da asmoa; baita herriaren eta giza eskubideen defentsa egitea, antifaxismoaren eta zapalkuntzaren kontrako borrokatzea eta askatasun nahi berri eta ekintzailea zabaltzea ere: “Badago zeregina etorkizunera begira”.
Azaroaren 25eko berotasunari eusiz, memoria pluralizatu beharra babestu dute gaurkoan era baztertuak izan direnei ahotsa eman behar zaiela adierazi dute. Besteak beste, emakumeen memoriari leku zentrala ematearen alde egin dute: “Kontuan hartzen badugu memoria ikasi dugunaren emaitza dela, hobeto ulertuko dugu gizonek eta emakumeek zer ezberdintasun dituzten gogoratzeko orduan. Gogoratzeak eskatzen du bere pertsona horrek bere baitan hartzen dituen markoak kontutan hartzea, dela lotsa, dela egokitasuna eta autozentsura”.