Nabarniz eta Gautegiz Arteaga ere emakumeen eskubideei begira dira
Elkarretaratzean batuko dira nabarniztarrak azaroaren 28an, eta Gautegiz Arteagan Euskararen Egunean presente izango dute berdintasuna, umeei zuzendutako ikuskizun baten bidez
Azaroaren 25eko aldarrikapenek egun horretatik harago ere garrantzia dutelako, emakumeen kontrako indarkeria salatu eta berdintasuna aldarrikatuko dute datozen egunetan hainbat herritan, baita Nabarniz eta Gautegiz Arteagan ere.
Hain zuzen, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, elkarretaratzean batzeko deia egin die Nabarnizko Udalak heritarrei, domekan. 13:30ean batuko dira, Elexaldeko plazan.
Gautegiz Arteagako Udalak ere presente izan nahi du azaroaren 25ak azalerazten duena, eta, horretarako, umeei zuzendutako ikuskizuna prestatu du. Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, Piztu EmakumeON energia ikuskizuna ekarriko du herriko frontoira, 18:30ean. Eidabe Ekimen Kulturalek dakarten obra horrek zientzia, giza balioak, euskara eta dibertsioa uztartzen ditu, emakumeak protagonista izanik. Umeen inplikazioa bilatzen duen jarduera da, eat esperimentuetan parte hartzeko aukera iango dute herriko txikienek.
Herriko alkate Juan Felix Naberanek azaldu duenez, herri euskalduna eta konprometitua da Gautegiz Arteaga. “Gure nortasuna, bardintasuna eta pertsonen eskubideak gure kudeaketaren funtsezko faktoreak dira. Horregatik, garrantzia handia emoten diogu gure hizkuntzaren eguna ospatzeari eta emakumeak ahalduntzeari. Euskararen normalizazioa sustatzen dugu, adierazpen eta erabilera guztietan, eta ekitaldi honegaz, gainera, hainbat helburu betetzen ditugu, belaunaldi berriei berdintasun-mezua helarazten diegulako. Ezinbestekotzat jotzen dugu geure seme-alabak hazi eta euskara bizitzea, bardintasuna errespetatzea, eta emakumeak ezagutzea eta aitortzea geure gizarteko esparru guztietan”.
Ikuskizunaren ostean, Artie Dantza Taldearen saioa izango da plazan (euria bada, frontoian).