Konfinamenduak sufrimendua "areagotu" die indarkeria matxistaren biktimei
2020ko datuek berretsi egin dute azken hamarkadetan hautemandako "goranzko joera". Pandemia urtean, Bizkaiak 2.961 biktimizazio kasu erregistratu zituen.
Bizkaiko Foru Aldundiak COVID-19aren krisiak indarkeria matxistan izan duen eraginari buruzko azterlana aurkeztu du gaur. Ikerlanak 2020an Bizkaian emandako indarkeria matxista kasuak aztertu ditu, etxeko konfinamenduan eta konfinamendu arintzean gertatutakoetan sakonduz. Ikerketak ondorioztatu du “gero eta kasu gehiago” daudela eta Teresa Laespeda Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako diputatuak esan du indarkeria matxista “egiturazkoa” dela eta “baliabide eta esku-hartze gehiago” behar direla horri aurre egiteko.
2020ko datuek berretsi egin dute azken hamarkadetan hautemandako “goranzko joera”. Pandemia urtean, Bizkaiak 2.961 biktimizazio kasu erregistratu zituen, eta hori, 2019koekin batera (2.989), azken 12 urteetako kopururik altuena da. Foru arduradunen berbetan, genero indarkeriak Bizkaia osoari eragin dio: “Bizkaiko 85 udalerritan hauteman zen kasuren bat, eta horrek eskualdeen artean ez dagoela alderik erakusten digu. 2004tik 23 emakume erail dituzte”.
Aldundiaren zerbitzuei dagokienez, Laespadak baieztatu du seme-abalak zituzten 105 emakumek jaso zutela aldundiaren Larrialdi Zerbitzuaren laguntza, eta 1.481 emakumek arreta psikologikoa. Ikerketak erakusten duenaren arabera, konfinamenduak sufrimendua “gehitu” die indarkeria matxistaren biktimei; “gizon erasotzaileek kontrol handiagoa izan zuten, biktimekin etxean isolatuta geratu zirelako”.
Patricipa Campelo Berdintasunerako Foru zuzendariak hiru biktimizazio motei –bikotekidea, familiakoa eta sexuala– buruzko beste datzuk eman ditu, eta adierazi du datu guztiek adierazten dutela indarkeria matxistaren “goranzko” joera bat dagoela 2010 urtetik gaur egunera arte. “Urte horretan 1.762 biktimizazio hauteman ziren lurralde historikoan. Kasu gehiago geratu dira agerian orain, baina, kasuak etenik barik hazten ari dira. Arazo horrek lehentasuna izan behar du gizartearentzat”, adierazi du.
Konfinamenduan ikusitako indarkeria matxistaren ereduari dagokionez, honako hauek dira ezaugarriak: erasotzaileak emakumeengan daukan kontrola areagotzea eta zuzeneko arreta profesionala jasotzeko aukera gutxiago izatea. Campelok salatu du indarkeria mota hori “kroniko” bihurtu dela Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, eta gaineratu du 11 urte eta 7 hilabete behar izaten direla indarkeria hori salatzeko, “Espainiar estatuan baino hiru urte gehiago”.
Batzar Nagusietako talde guztiek elkartasuna adierazi diete indarkeria matxistaren biktimei, eta urteko 365 egunetan berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartu dute.