Hogeitabosgarrenean berrituta
Mende laurdena da Gernika-Lumoko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkartea sortu zela, eta irudi berria aurkeztu berri du.
Berritzen ez dena hil egiten dela dio esaera zaharrak. ‘Hiltzetik’ urrun da Gernika-Lumoko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkartea (GME) 25 urte betetzen dituen honetan, baina berritasunaren alde egin du. Oraingoan, irudi korporatiboaren itxura berria dakar. Aro barri batean murgilduta daudela azaldu dute elkatearen arduradunek, aurrera begira, kementsu eta ilusioz. Hori da transmititu gura dutena.
Pandemiaren ondorioek nabarmen markatu dute elkartearen bidea, baina irudia berrizteagaz aurrerapauso bat emotea erabaki du; logotipo arinagoa, eguneratuagoa eta freskoagoa aurkeztu du, haritz-orrian oinarrituta. Bizi eta gozatu da zabalduko duten mezua, eta berde kolorea mantentzearen alde egin dute, Urdaibairi erreferentzia eginez.
Haritz-hostoa Gernikako arbolaren adierazle dela diote, «gure nortasun ezaugarria». GERNIKAN berbagaz, Gernikan kontsumitzera eramaten duen mezua eman gura du GMEk, eta Nik Gernikan markagaz ere harremana du: «Azken horregaz garatzen du bere jarduera udaleko merkataritza eta ostalaritza arloak. Normalean udalagaz elkarlanean aritzen gara, sektorearentzat positiboa delako. Bizi eta Gozatu eslogana ostalaritzari keinua be bada, horiek egiten duten lan garrantzitsuari eta aisialdiari egindako ekarpenari, hain zuzen», azaldu du elkarteko presidente Gaizka Muniategik.
Ilusioagaz. 25 urte bete ditu aurten, eta herriko merkataritza bultzatzen jarraitzeo ilusioa du: «Erronkaz beteriko etorkizunean gure ibilbidea da gure bermea. Harro gaude elkarteak eta gure bazkideek egin duten lanaz. Pandemiaren hasieran 107 bazkide ginen, eta orain 130 gara». Herriko merkataritzak eta ostalaritzak eurengan jarri dauen konfiantzaren erakusgarri dela dio, “konfiantza horrek egunero gure lana hobetzera bultzatzen gaitu”.