Bederetzi zetazeo espezie ikusi dituzte aurtengo denboraldian
'Zetazeoak 10etan' programak hamalau irteera egin ditu eta 613 lagun ontziratu dira.
Amaitu da Ekoetxea Urdaibaik, Verballenasek eta Hegaluzek elkarrekin antolatzen duten Zetazeoak 10etan programaren aurtengo denboraldia. Jakitera eman dutenez, hamalau irteera egin dituzte eta bederatzi zetazeo espezie ikusteko aukera izan dute: izurde arruntak, handiak eta marradunak, izurde pilotua eta iparraldeko balea botila-muturra, zere arruntak eta txikiak eta Cuvier moko-balea. Gainera, irteera horietako batean, Laut dortoka bat ikusi zutela gogorarazi dute, munduko dortoka espezie handiena da. Marrazo urdin batzuk ere ikusteko aukera eduki dute.
Urdaibaiko kostaldetik ibiltzen dira; aurten, 613 lagun ontziratu dira. Kopurua “nabarmena” dela esan dute, “azken denboraldi honetako une jakin batzuetan pandemiak eragindako murrizketen ondorioz”.
Egindako hamalau irteeretako batean bakarrik ez zuten espezierik ikusi; “behaketen arrakasta ratioa %93,3koa da”.
Zetazeoak 10etan programaren bitartez, ugaztun espezie horien kontserbazioak duen garrantziaz jabetu gura da, euskal kostaldetik hurbil dabiltzan zetazeoak bertatik bertara ikuskatuz. Modu horretan, bisita gidatuak egiten dituzte itsasontziz, “segurtasun neurri zorrotzekin, zetazeoak ez kaltzeko, ez gogaitzeko eta ez kezkatzeko”.