30 positibo 3 egunetan eta 13 udalerri eremu gorrian
Astelehenetik atzo arte, Bermeon zenbatu dira positibo gehien: 15. Gernika-Lumon 11 pertsonak eman dute positibo koronabirusaren proban, eta bana izan dira Ean, Elantxoben, Errigoitin eta Ibarrangelun.
Astelehenetik atzo arte, 30 izan dira koronabirusaren proban positibo eman duten herritarrak. Azken hiru egunetan, gainera, gune gorrian dauden herrien zenbatekoa handitu egin da. Astelehenean 10 udalerri ziren Busturialdean eremu gorrian zeudenak; atzo arteko datuei erreparatuta, 13 dira orain. Hala ere, gorriz dauden eskualdeko herri txiki askok positiborik ez dute izan azken 72 orduetan; 14 eguneko inzidentzia metatuagatik dute markagailu gorria.
Bermeon zenbatu dira positibo gehien: 15. Gernika-Lumon 11 pertsonak eman dute positibo koronabirusaren proban, eta bana izan dira Ean, Elantxoben, Errigoitin eta Ibarrangelun. Ea ezik, beste denak gorriz daude. Horiez gain, positiborik izan ez arren, eremu gorrian jarraitzen dute Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Muxika eta Sukarrietak.
Intzidentzia metatua ia 375 kasukoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 36 pertsona daude ZIUetan, Osasun sailak jakinarazi duenez. Gotzone Sagardui osasun sailburuak kezka agertu du egungo egoerarekin. Joera goranzkoa dela esan du, eta hori ospitaleetan nabari egiten dela. Baliabide kopurua areagotzearen ondorioz sistema tentsionatzen ari dela aipatu du sailburuak.
Ospitaleratuen artean, 12 urtetik beherako haurrak daudela esan du Sagarduik, eta gogoratu du populazio hori oraindik txertatu gabe dagoela. ZIUetan 36 pertsona daude ingresatuta. Horren harira, osasun sailburuak martitzenean esan zuenez, Jaurlaritzak ez du baztertzen larrialdi egoera berriro ezartzea baldin eta ZIUetako okupazioa 50 pazienteen langara heltzen bada.
Haurrei txertoa jartzeari dagokionez, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) gaur eman du baimena 12 urtez azpikoei Pfizer txertoa jartzeko. Hain zuzen, 12 urtetik gorakoek hartutako dosia baino txikiagoa hartuko dutela esan du, eta bi dosi izango direla zehaztu, hiru asteko tartearekin.