Olatz Arrizabalagak lau t'erdiko final-laurdena jokatuko du
Olatz Arrizabalaga gernikarrak Miren Larrarteren kontra jokatuko du Emakume Master Cupeko final-laurdena, barikuan [azaroak 26], Orduñan.
Master Laboral Kutxa txapelketan aurrera egiteko, Olatz Arrizabalagak Miren Larrarte gainditu beharko du final-laurdenetan. Hain zuzen, asteburuan jokatu behar zuten partidua bariku honetara [azaroak 26] atzeratu dute, eta beraz, 18:00etan hasiko dute final-laurdena, Orduñan.
Lau t’erdikoaren final-zortzirenetan Ane Mendibururi erraz nagusitu zitzaion aurrelari gernikarra; 18-5 irabazi zuen Ortuellako udal pilotalekuko partidu hura. Sasoian dago, eta konfiantzagaz: “Momentu oso onean heltzen naiz. Azkenengo jokatu ditudan partiduetan konfiantza askogaz eta sakeagaz min asko egiten aritu naiz. Halako final-laurden gogor batera konfiantzagaz heltzeak asko laguntzen du”.
Larrartek ez zuen huts egin bere final-zortzirenetako partiduan. Bera zen faboritoa, eta Miriam Arraiza kanporatu zuen. Arrizabalagaren ustez, momentu honetan dagoen “jokalari onenetarikoa” da Larrarte, eta bariku honetakoa “partidu gogorra” izatea espero du.