Kalteak sortu dituzte Herri Babesaren kamioietan
Herri Babesari egindako lapurreta eta kalte horiekin herriak zein herritarrak "galtzen dutela" argi daukate taldea osatzen duten boluntarioek.
Boluntarioz osatuta dagoen Bermeoko Herri Babesaren kamioietan kalteak sortu dituzte asteburuan. Boluntarioek jakitera eman dutenez, kamioietako batera sartu ziren barikuan kalteak sortuz, eta domekan pintaketak agertu ziren kamioi bietan.
“Hainbat aldiz esan den moduan, Bermeoko herriak hain beharrezkoa duen talde honek modu boluntarioan osatutako herritarrekin lan egiten du, herriak izan ditzakeen larrialdi mota desberdinei erantzuteko. Baina, horretarako, urte asko daramatzagu beharrezkoak diren materialak lortzen, biltzen, zaintzen edota mantentzen, sortu daitezkeen beharrizanen aurrean, modu ahalik-eta duinenean erantzuteaz gain, unean-unean beharrezkoak diren baliabideak ahalik-eta egokien egoteko”, esan dute boluntarioek.
Herriarentzako kalte. Herri Babesari egindako lapurreta eta kalte horiekin herriak zein herritarrak “galtzen dutela” argi daukate. “Hala ere, hurrengo ezbeharrean, boluntarioak berriro ere asmo eta bihotz on guztiagaz joango gara larrialdian laguntzera”, adierazi dute.
Hori bai, gogorarazi gura dute eman dezaketen “erantzunaren egokitasuna” kasu askotan eskura dauzkaten baliabideen araberakoa izaten dela eta, hortaz, hor egiten dela beharrezko herriarenak diren baliabideekiko “errespetu” apur bat erakustea.
Asteburuko gertakariak “pasarte desatsegin” batean geratzea eta aurrera begira jartzea gurako lukete: “Ez dugu inolako zalantzarik hori dela Bermeoko herriak behar duena, bereziki, garai zail hauetan”.
Arazoak arazo, Bermeogaz “konprometituta” lanean jarraituko dutela adierazi dute.