Kalera aterako dute ‘Guernica’ Gernikara aldarria
13:00etan Foruen plazan elkartzeko deia egin du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, eta herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete plataformako kideek
Picassoren Guernicak Gernikan egon beharko lukeela aldarrikatuko dute zapatuan [azaroak 27], berriro, Gernika-Lumon. 13:00etan Foruen plazan elkartzeko deia egin du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, eta herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete plataformako kideek.
Ekitaldian Tukatukada Batukadak, Lilibertsoko bertsolariek eta Ross dantza eskolako bikote batek parte hartuko dute. Antolatzaileek Foruen plazan hasi eta amaitu gura dute mobilizazioa, baina euria eginez gero, Merkatu plazara joango direla aurreratu dute.
Koadroa Madrilera eraman zutela 40 urte igaro diren honetan, hiruhilabeteko zikloa gauzatu dute Memoriaren Lekuko Plataformako eragile desberdinek, eta zapatuko manifestazioagaz zikloa itxiko dute: “Duela 40 urtetik Guernica Madrilen bahiturik daukatela esateko eta koadroa herrira ekartzeko aldarria kaleratzeko kanpaina irailean abiatu genuen, eta mobilizazio honegaz amaitutzat emango dugu. Aldarrikapena, baina, kaleratzen jarraituko dugu”.
Mobilizazioa hiruhilabetekoan egindako bilduma izatea nahi dute. Mugarri desberdinak izan ditu kanpainak, erpin desberdinak landu dituzte, baina helburu orokorra izan dute oinarrian. Izan ere, Guernica Gernikara ekarriz, euskal identitatea iraultzea, euskal kultura eraberritzea eta hedatzea, eta memoria kolektiboa oinarri aurrerakoiekin eraikitzea lortuko zela uste dute. Baita herrien eta giza eskubideen defentsa, antifaxismoaren eta zapalkuntzaren kontrako borroka eta askapenezko gogo berri eta ekintzailea ematea eta zabaltzea ere.
Saiatu dira gaurko harremantzeko moduei bidea ematen: “Gernika Batzordearen ikus-entzunezkoaren bitartez memoria landu dugu; Guernica koadroak munduan zehar dituen forma ezberdinak batu ditugu –webgunean jarriko ditugu asteon–, eta eztabaidarako espazioak sustatu ditugu. Artea egiten dutenekin egon gara, eta gaia berriro hartzea proposatu diegu, memoriaren eta artearen lotura sustatzeko. Gauza ezberdinak egin ditugu, helburu bera oinarrian edukita: Guernica Gernikararen aldarriakpena”.
Epe honetan Guernica Gernikara aldarrikapenak “zentzu osoa izaten” jarraitzen duela diote: “Aldarria eguneratzeko saiakera bat egin dugu. Historikoki ozen eskatu dena gaur egungo errealitatera ekarri dugu eta egungo begiradagaz begiratu diogu. Helduleku bera heltzeko aukera dagoela ikusi dugu; hau da, Guernicak Gernikan egon beharko lukeela pentsatzen jarraitzen dugu, Gernika memoriaren lekua delako eta artea eta lekua elkartzeko leku aproposena delako. Aurrera begirako tresna bat bihurtu daiteke aldarria, eta horri berpiztu gura izan dugu”.
Oraingoan, kalean. Kanpainan zehar espazio ezberdinak sustatu bazituzten ere, “oso presente” eduki dute kale mailako aldarrikapenari lekua egitea, baita herritarrak aldarrira batzeko bidea bultzatzea ere. “Jendearen jarrera aktibo bat sustatzeko bitarteko bat izan beharko litzateke kale dinamika, eta horri bidea eman gura diogu. Jakin badakigu historikoki kalea izan dela aldarri honen eremu naturala, eta hala izaten jarraitzea gura dugu”.