Indarkeria matxista ozen salatzeko eguna
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, emakumeen aurkako biolentzia matxista salatu eta desagertzeko eskatuko dute. Aldundiak matxismoa indarkeria dela azpimarratu du, eta adineko emakumeen kontrako indarkerian jarri du fokua Emakundek.
Indarkeria matxista errotik desagertzea da gizartearen erronka handienetako bat. Indarkeria matxistak ez du adinik ezagutzen. Emakumeek gaztaroan, nerabezaroan eta adinekoak direnean jasaten dituzte biolentzia mota ezberdinak. Proiektu desberdinak gauzatu dira emakumeen aurkako indarkeria desagertarazteko, baina indarkeria sexista presente dago oraindik.
Errealitate hori egiaztatzen dute datuek. Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren larrialdiko harrera zerbitzuak 191 pertsona artatu zituen iaz: 105 emakume, 82 seme-alaba eta mendekotasuna duten lau pertsona. Aurtengo abuztuaren erdialdera arte, berriz, 144 bizilaguni eman dio harreta zerbitzuak, 84 emakumeri, 59 seme-alabari eta mendekotasuna duen pertsona bati.
[BUSTURIALDEKO HERRIETARAKO EGITARAUAK]
Datu horien arabera, 2.961 izan ziren Ertzaintzak iaz erregistratutako biktimizazioak –2.135 bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriagatik, 654 familiako indarkeriagatik eta 172 sexu askatasunaren aurkako erasoengatik–. Hain zuzen ere, 2.311 izan ziren emakumeek jasan zituztenak: 1.589k bikotekidearen edo bikote ohiaren indarkeria bat edo gehiago jasan zituzten, 554k familiako indarkeria bizi izan zuten, eta 168 emakumek euren sexu askatasunaren aurkako eraso bat edo gehiago jasan zituzten. Aurtengo datuei erreparatuta, lehenengo seihilekoan 1.469 biktimizazio erregistratu dituzte, eta horietatik 1.237 emakumeek pairatu dituzte.
Era berean, iaz, 304 babes agindu abiarazi eta 171 gauzatu ziren, eta aurtengo lehen seihilekoan, dagoeneko 175 agindu abiarazi eta 94 gauzatu dira.
Bermeoko Mugimendu Feministak zehaztu duenez, datuek diote Bermeon 500 indarkeria egoera baino gehiago egon direla azken 16 urteetan, eta horietatik, gutxienez 30, sexu eraso izan direla adierazi dute.
Hori horrela, bihar, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, ezkutuko zein ageriko biolentzia matxista salatu eta desagertzeko eskatuko dute. Azaroaren 25aren egunaren harira, erakunde publikoek adierazpen instituzionalak onartu eta sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatu dituzte.
Busturialdeko herritarrek eta udalek ere hainbat ekintza antolatu dituzte biharko. Elkarretaratze edo mobilizazioetan elkartuko dira herri gehienetan, baina emakumeen pilota partiduez Arratzun edota emakumeek bizi duten errealitatea islatzen duten erakusketez gozatu ahalko da Gernika-Lumon. Bermeon udalak, Erroxape Emakumeen Elkarteak eta herriko ikastetxeek egun horri lotutako adierazpenak zabalduko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak, esate baterako, indarkeria matxista “estrukturala” dela salatzeko Matxismoa Indarkeria da kanpaina abiarazi du. Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak indarkeria matxista estrukturala dela salatu du: “Desparekotasunean oinarritutako gizarte batean bizi gara, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista desparekotasun horren erakusgarririk larriena da. Indarkeria matxista estrukturala da, sistema patriarkal batean bizi garelako. Sistema horretan, sarritan, matxismoak menderatzen du eta hori emakumeen aurkako indarkeria bihurtzen da”.
Hala, aldundiak martxan jarritako kanpainak neska bat eta mutil baten ilustrazioa dauka: ‘Ni neurea naiz. Ez naiz zurea’ dio neskak, eta, ‘Ez da beste barik gertatzen’, dio mutilak. Kanpainako irudi, mezu eta materialak zabalduko ditu aldundiak: 221 emakume elkarteri helaraziko die materiala, baita irabazi asmorik gabeko 233 erakunderi, 112 udali, 6.454 dendari, kirol eskoletako 648 erakunderi, 71 kiroldegiri, 257 ikastetxeri, 171 osasun zentrori eta aldunduko sailei. Era berean, kanpaina online eta offline komunikabideetan agertuko da kanpoko espazioetan –Bizkaibus, Euskotren edote prentsa kioskoak, besteak beste–. Lointek Gernika Bizkaiaren azaroaren 18ko norgehiagokan ere plazaratu zuten kanpaina.
Adinekoen indarkeria matxista. Iazko legez, adineko emakumeek sufritzen duten biolentzia matxista azaleratu gura izan du Emakundek aurten ere, eta horiek jasaten duten indarkeria ezkutua ikusarazteko kanpaina abiarazi du. 55 eta 79 urte bitarteko emakumeekin iaz egindako lanari jarraipena ematen dion kanpaina da abiarazi dutena. Kanpainak testigantza batzuk erakusten ditu, eta herritarrei galdetzen die ea gai diren haien atzean ezkutatzen den indarkeria ikusteko: Eta zuk… ikusten duzu? Adi dagoen gizarte batek soilik detektatzen duindarkeria ezkutuena. Kanpainaren bitartez, gizarteari eskatzen zaio adi egoteko indarkeria egoeren aurrean, “kasu asko normalizatuta daudelako”.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak dio adineko emakumeen aurkako indarkeria honako berezitasunak dituela: ikusezintasuna, autonomia ekonomikorik eza, bere garaiko gizarteak genero indarkeria ez onartzea eta gainerako pertsonak zaintzen emandako bizitza bat. Adierazi du, nahiz eta emakume adinduak askotarikoak izan, haien zaurgarritasuna handiagoa izan daitekeela adina dela-eta. Uste du kanpainak batzen dituen testigantzekin herritarrek “errazago” onartu eta antzeman dezaketela euren inguruan dagoen indarkeria sexista.
[BUSTURIALDEKO HERRIETARAKO EGITARAUAK]
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren berbetan, emakumeen aurkako indarkeriazko jarrera asko “normalizatuta” egon dira, eta askotan, biktimek ere ez dituzte indarkeria gisa izendatzen, nahiz eta bikotekideek gutxietsi edo askatasuna murrizten dien: “Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoa luzaroan ezkutatu da normaltasun mantu baten azpian. Normaltzat jotzen zen senarrari baimena eskatzea atzerrira joateko, lan egiteko edota kontu korrontea zabaltzeko”. Etxean ezkutatzen zen arazo hori gizarte arazoa da gaur egun, gero eta herritar gehiago sentsibilizatuta daudelako. Hori horrela, adierazi du administrazio publikoek indarkeria ikusarazten laguntzeko “betebeharra” dutela, “batez ere ezkutuena”, indarkeria detektatzen laguntzeko, laguntza eskaintzeko eta indarkeria horren jatorria emakumeen eta gizonen egiturazko desberdintasunean dagoela azpimarratzeko.