Hekimenek Jaurlaritzari eskatu dio COVIDari lotutako diru laguntzak euskarazko komunikabide guztiei zabaltzeko
Eusko Jaurlaritzak COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko asmoz zenbait komunikabideri emango dien laguntza gainerako euskarazko komunikabideei ere zabaltzeko eskatzen du Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak.
Pandemiak komunikabideetan eragindako ondorioak leuntze aldera, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematea onartu zuen. Baina Hekimenek salatu du Jaurlaritzak diru laguntza horien %6,6 bideratu duela bakarrik euskarazko komunikabideetara. “Diru banaketa hori ulergaitza da. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa den heinean, ezin dira COVID-19ak eragindako ondorioen aurrean babesik gabe utzi, txertatu gabe utzi”.
Hekimenek dio pandemia hasieran egindako azterlanak argi erakusten duela euskarazko hedabideetan ere publizitatean “jaitsiera nabarmena” izaten ari dela edota harpidetzak ere gutxitzen ari direla. Horri guztiari, gainera, pandemia zeharka eragiten ari den bestelako ondorioak ere gehitu behar zaizkiola dio (paperaren, argindarraren edota erregaien garestitzea). “Diru sarrerak murrizten ari diren bitartean, gastuak handitzen ari dira, eta horrek asko zailtzen du komunikabideen biziraupena”. Hori, baina, komunikabide guztien egoera dela diote. Beraz, diote ez dutela ulertzen Jaurlaritzak diru laguntzak komunikabide jakin batzuetara bideratzea.
Komunikabide askorentzako egoera “kritikoa” dela eta askoren biziraupena “kolokan” dagoela diote. “Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek eduki beharko lukete”
Nahiz eta pandemiaren ondorioak hedabide guztiek pairatu, azpimarratu dute egitasmo txikiak direla ondorioak gehien jasan dituztenak. “Txikiak dira bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien dituztenak: publizitatea, publizitate instituzionala, diru laguntza bereziak…”. Komunikabide askorentzako egoera “kritikoa” dela eta askoren biziraupena “kolokan” dagoela diote. “Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek eduki beharko lukete. Irismen datuetan oinarrituta, zergatik lagundu handienak bakarrik? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Jaurlaritzak?”.
Pandemia garaian esukarazko komunikabideek egindako ahalegin berezia balioan jarri du Hekimenek. “Ez dute bakarrik ahalegin berezia egin informazio gaitasunari eusteko, baizik eta gaitasun hori indartzeko. Eta herritarrek ahalegin hori eskertu dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian nola handitu diren euskarazko komunikabideen kontsumo digitala”. Mota horretako laguntzek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskarazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, aurrera egitea zaila izango dela berretsi dute.