Ezkutuko indarkeria agerian jartzeko beharra
Ezkutuan dagoen indarkeria matxistan jarri du fokua Gernika-Lumoko Sare Feministak. Bortizkeria matxista ez dela bakarrik erailketa adierazi gura dute, “nahiz eta hori bortizkeriaren espresiorik latzena izan”. Erailketa dagoela indarkeria matxistaren iceberg-aren puntan diote, baina ur azpian bestelako biolentzia matxistak daudela azpimarratu gura izan dute. Horiek ikusarazi nahi dituzte aurtengo Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean.
[BUSTURIALDEKO HERRIETARAKO EGITARAUAK]
Izan ere, bortizkeria matxista, definizioz, emakume izateagatik emakumeei bideratutakoa indarkeria dela nabarmendu dute. Sexu, genero eta sexualitatearen sistema heteronormatibo horretan sartzen ez diren gorputz guztien edo bizipenen aurkako bortizkeria, alegia.
“Iaz landutakoa indartu nahi dugu. Muturreko indarkeriaz gain, horren agerian ez dauden beste indarkeria mota batzuk existitzen direla nabarmendu genuen iaz, baita aurten ere. Ezkutuan dagoen indarkeria, indarkeria matxista da”, adierazi dute Maricar Villa eta Maialen Uriarte Gernikako Sare Feministako kideek. Hori horrela, iceberg-aren azpian existitzen diren biolentzia motak erakusteko erakusketa prestatu dute sare feministakoek; Artekale kalean jarriko dute erakusketa. “Uste dugu feminismotik eredu sozioekonomiko eta politikoa aldatzeko aukerak eraiki ditzakegula”, adierazi dute.
Egunerokotasunean ezkutuan geratzen diren biolentzia horiek lantzea oinarri hartuta, emakumeek aspektu edota egoera desberdinetan jasaten dituzten biolentzia ezberdinak plazaratuko dituzte erakusketan; izan ere, erailketaren oinarrian ezkutuko indarkeria ezberdinak daudela diote. “Gaur egun, oraindik horrenbeste ikusten ez diren indarkeria mota ezberdin horiek jorratuko ditugu. Muturreko indarkeria gertatzen denean kalera ateratzen gara, baina ezkutuko indarkeriak daudelako gertatzen da hori. Ezkutuko indarkeriak sostengatzen du muturreko indarkeria, eta, askotan, ez dugu horretan erreparatzen. Egunerokotasunean dauden mikromatxismoak dira ezkutuko indarkeria horiek”, zehaztu dute Villak eta Uriartek.
[BUSTURIALDEKO HERRIETARAKO EGITARAUAK]
Agerian ez dauden indarkeria horiek ezagutarazteko, herritarrak sentsibilizatzeko eta hausnarketa bideratzeko bost panel jarriko dituzte, eta bakoitzak gai bat landuko du. Matxismoak hiltzen gaitu izenburupean Euskal Herrian eraildako emakumeen mapa jarriko dute lehenengo panelean. Bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean, indarkeriak milaka aurpegi dituela erakutsiko dute. Hiru paneletan hiru eremu edo matxismoaren hiru aspektu desberdin bereiziko dituzte: eremu publikoan ematen diren bortxaketa, jazarpen zibernetikoa eta bazterkeria soziala lehenengoan; eremu pribatuan emakumeek jasaten duten indarkeria fisiko eta psikologikoa, ekonomikoa eta bikarioa bigarrenean; eta, instituzioen aldetik jasaten dutena, hau da, obstetrikoa, judiziala eta utzikeria. Azken panelean, hiru panelak borobiltzen dituen bosgarren panel bat egingo dute, erasoen aurrean autodefentsa feministan sakontzeko. Ekintza horregaz, eremu publiko, pribatu eta instituzionalean ematen den indarkeria ikusarazi nahi dute.
Adin guztietan. Gernika-Lumoko Sare Feministan adin eta jatorri guztietako emakumeak daude, eta oso eraginkorra da taldea. Hala, emakumeen aurkako indarkeria “adin guztietan” ematen dela adierazi dute: “Problematik desberdinak ditugu adin desberdinetan, baina batzuk eta besteak lotuta daude. Gazteek indarkeria kalean nabaritu dezakete gehiago, eta nagusiek etxean. Arazo desberdinak dira, baina erro bera jarraitzen dute”.
[BUSTURIALDEKO HERRIETARAKO EGITARAUAK]
Hori horrela, indarkeria errotik desagerrarazteko beharrezkoa da hezkuntzan eragitea. “Tratu txarren biktimek izaten duten arazoetako bat errudun sentitzen direla da, eta hori landu egin behar den kontua da. Hezkuntzan egiten den lanketa oso garrantzitsua da, batez ere neskak ahalduntzeko lan egiten delako. Denok daukagu ondo tratatuak izateko eskubidea, eta hala sentitzen ez garenean ‘nahikoa da’ esaten jakin behar dugu. Eta hori txikitatik landu behar dugu”, adierazi dute. Hala ere, erronka “handia” dela diote: “Ikastetxeetan zein etxeetan mezu egokiak transmititu arren, komunikabide zein sare sozialetan ikusten dutena oso desberdina da, eta hori hartzen dute erreferentziatzat”.
Hori dela eta, gizarteak gaia landu behar duela uste dute: hitzaldiak eman, komunikabideetan agertu, ikastetxeetan mezua zabaldu… “Bloke desberdin guztiek borroka berari eutsi behar diote”, adierazi dute, eta instituzioen lana zalantzan jarri dute: “Mezu politikoki zuzenak transmititzen dituzte askotan, baina abian jartzen dituzten ekimenetan ez da horrelakorik ikusten. Horri buruzko hausnarketa ere egin behar da. Gauza asko normalizatuta ditugu, eta ez gara indarkeria matxista direla ohartzen”.