"Bihotzeko plazari" agur esateko ordua
Floridako Dania Jai Alai frontoia itxiko dute domeka honetan, eta horregaz batera, aro historiko bezain errepikaezina amaituko da euskal puntistentzat.
Zesta puntaren etxe handi bati agur esateko ordua heldu zaie Euskal Herriko puntistei. Euren “bihotzeko plaza”, Floridako Dania Jai Alai itxiko dute domekan. 68 urteren ostean, ikuskizuna amaituko da; kinielen eta apustuen etxe ezaguna isilduko da.
Esperotako itxiera da. Duela 30 urte baino gehiagotik negozioa ez da errentagarria, apustuek ematen dutena ez nahikoa gastuei aurre egiteko. Hilabetean 860.000 dolar apustu egiten dituzte; garai bateko zifretatik urrun daude horiek.
Urrezko aroa, pilotarien grebak, apustuen eta ikusleen beherakada… Garai oparoak eta ilunak ezagutu ditu Dania Jai Alaik.
AEBtan, garairik onenetan, hamasei frontoi zeuden zabalik, eta 500 bat pilotari ari ziren jokatzen. Zenbat eta gehiago jokatu, apustu gehiago, eta negozio gehiago.
Baina, orain, aro historiko bezain errepikaezina amaituko da. Gurean asko eta asko dira Dania Jai Alairen historiaren parte, eta ehunka pilotari horien artean daude egungo Daniako koadroan–28 pilotari– dauden hiru gernikarrak: Odei Mintegia Minte, Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa Leke.
Aste berezia bizi dute denek. Pilotariak eta euren familiak talde moduan eta familia giroan ari dira bizitzen azken aste hau, eta jende asko ari da frontoira gerturatzen, tartean, bertan jokatutakoak.
Agurreko afarian ere batu dira asteon, eta egungo Daniako protagonistekin batera egon dira, besteak beste, Mexikon Munduko Kopa jokatu dutenetako batzuk, horien artean, hamasei urtez Danian egondako Diego Beaskoetxea gernikarra.
Zestaren oraina zein etorkizuna Euskal Herrian daudela uste dute pilotariek, adituek zein zaleek. Hemengo denboraldia luzatzeko nahia daukate puntistek, eta horretarako, ezinbestean, bultzada, laguntza beharko dute. Pilotariak badaude, eta baita harrobia ere. Zestak bultzada behar du, denen bultzada, behetik gora, eta goitik behera.