Jaurlaritzak ez du baztertzen osasun larrialdia berriro ezartzea
Datuen eboluzioa ikusita, COVID ziurtagiria ezartzeko aukerarik ezean, bestelako neurriak aztertuko dituztela esan du Gotzone Sagardui osasun sailburuak
EAEko Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiria ezartzeari ezetza eman ostean, Jaurlaritzak bestelako neurriak aztertuko dituela esan du Gotzone Sagardui osasun sailburuak gaur, Gobernu bileraren ostean egindako agerraldian. Epaitegiaren erabakiarekin ados ez, eta Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari dei egin dio “tresna juridikoak” sor ditzan.
Sagarduiren esanetan, auzitegiak gutxietsi egin du birusaren hedatzeak pertsona askoren osasunarentzat dakarren arriskua. Hala, osasun larrialdia berriro ezartzea aztertuko du Jaurlaritzak ZIUetako okupazioak gora egingo balu. Adierazle hori izango da Jaurlaritzak neurriak zorrozteko erabiliko duena, eta ZIUetako okupazioa 50era iritsiko balitz aztertuko dute neurriak zorroztea. Gaur gaurkoz [azaroak 23], 31 gaixo larri daude ZIUetan [duela astebete 30 ziren]. Intzidentzia metatua gaur 321 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta 181 kasukoa zen joan den astean.
Osasun larrialdia berrezarrita, LABI EAEko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea osatuko litzateke berriro, eta pandemiaren aurka Legebiltzarrak onartutako legeak jasotzen dituen neurri “zorrotzagoak” hartzeko aukera izango luke Jaurlaritzak.