Gernika Elorrio baino hobea izan da Urbietan
Gernika Rugby Taldeak 15-10 irabazi dio Elorrio Rugby Taldeari.
Emakumezkoen Euskal Ligan denboraldi honetako bigarren partidua ere irabazi du Gernika Rugby Taldeak. Lehenengo partiduan 0-86 irabazi zion La Unica Rugby Taldeari , eta oraingoan, 15-10 nagusitu zaio Elorrio Rugby Taldeari.
Denboraldiko etxeko lehenengo partiduan zaleen babesagaz giro ederra eduki zuten Urbietan, domeka eguerdian [azaroak 21].
Maite eta Andrea jokalarien entseguek eta Batirtzeren transformazioek eman zizkieten garaipena lortzeko puntuak. Partidua “oso gogorra” izan zen. Etxeko taldea galtzen hasi zen; Elorriok entsegua egin, eta bost minutura, entseguagaz erantzun zieten basurdeek, transformatzea lortuta, eta partidu amaiera arte aurretik mantendu ziren: “Urduri joan ginen, oso gogorrak direla esan zigutelako. Baina pozik amaitu genuen. Partidua aurrera atera genuen, eta gauza politak ikusi ziren partiduan zehar”.
7 eta 5eko emaitzagaz amaitu zuten lehenengo zatia. Bigarren zatia oso gogorra izan zela azpimarratu dute, baina “hobea”, apur bat lasaitzea lortu baitzuten: “Plakaketa eta kolpe asko egon ziren, euria hasi zenean, baloiak irrist egiten zigun… ” Gainera, Gernikaren jokalari batek min hartuta berdegunea utzi behar izan zuen: “Belarrian kolpea hartu, eta zabaldu egin zitzaion; bi puntu eman behar izan zizkioten”.
Aurreko denboraldian modura, Gernikako eta Getxoko jokalariekin osatu dute taldea, eta jokalari beteranoenak eta berriak alkar ondo ezagutu, eta bat egiteko lanean ari dira, taldea osatzeko beharrean, alegia: “Postu desberdinetan jokatzen ari gara. Aurreko partidua errazagoa izan zen, domekan, ostera, apur bat ordenatuago egon behar izan ginen, eta gure arteko komunikazioa hobea izan zen. Alkarri asko lagundu genion. Horrek guzti horrek talde moduan haztea eragiten digu”.
Defentsan “lan asko” egin behar dutela diote. “Zelaia handia da, eta hamabina jokalarigaz jokatzean, hori igartzen da. Lan asko daukagu aurretik, bai defentsan eta baita erasoan ere. Defentsan gehiago daukagu hobetzeko”.
Domeka eguerdian Urbietan sortutako giroa nabarmendu dute: “Jokalari eta entrenatzaile izandakoak etorri ziren gu animatzera, eta baita etxekoak eta lagunak ere, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Gauza horiek indar asko ematen digute. Bestalde, Oizmendi Telebistak grabatuko dizkigu etxeko partidu guztiak, eta Youtubetik streaming bidez ere emateko asmoa daukagu, eta hori ere pozgarria da.
Asteburuan Errioxan. Asteburu honetan Logroñora bidaiatuko dute, eta “gogoz” daude. Zapatuan [azaroak 27] 16:45etik aurrera jokatuko dute.
Denboraldiko ligaren hirugarren partidu horretan hirugarren garaipena eskuratzea da basurdeen helburua: “Ez dakigu zelako taldea izango den; esan digutenez, Elorriokoak baino suabeagotxoagoak dira. Jokalari berriak omen ditu. Aurreko asteburuan egin dugun berdina egiten, eta gogor egoten ahaleginduko gara. Eta ea beste garaipen bat lortu ahal dugun”.