Aurten ere Gabonetako postal eta olerki lehiaketa antolatu dute Foruan
Lehiaketara aurkeztutako lanak herritarrak zoriontzeko erabiliko dituztela iragarri dute. Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 3a izango da.
Beste urte batez, Foruko Udalak eta J.M. Torrealdai Kultur Etxeak Gabonetako postal eta olerki lehiaketa antolatu dute.
Aurreko urteetan egin modura, hiru urtetik aurrerako herritarrek parte hartu ahalko dute aipatu lehiaketan, eta kategoria ezberdinetan banatuta parte hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Batetik, 3 eta 5 urte bitartekoak postal lehiaketan parte hartuko dute; bestetik, 6 eta 12 urte artekoak egongo dira, eta horiek ere lehiaketa berean parte hartuko dute.
13 urtetik gorakoek, aldiz, postal lehiaketan zein olerki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.
Kategoria batekoek zein bestekoek gai bera izango dute: Gabonak. Lanak Din-A4 neurrian aurkeztu behar direla jakinarazi dute.
Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 3a (barikua) izango dela zehaztu dute. Goizez, Foruko udaletxean aurkeztu daitezke lanak, arratsaldean, berriz, J.M Torrealdai kultur etxean.
Denentzako sariak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaile guztientzako sariak egongo dira, eta zozketa bereziak ere egingo dituztela iragarri dute. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 10ean (barikua) egingo dute.
Ohi legez, lehiaketara aurkeztutako lanak herritarrak zoriontzeko erabiliko ditu Foruko Udalak.