Munduko Kopa, Lekerikarentzat eta Goikoetxearentzat
Unai Lekerikabeaskoa atzelari gernikarrak eta Iñaki Osa Goikoetxea aurrelari zumaiarrak bi setetan irabazi diete Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Imanol Lopez zumaiarrari.
Unai Lekerikabeaskoak eta Iñaki Osa Goikoetxeak Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez garaitu dituzte Munduko Koparen finalean. Gernikarrak eta zumaiarrak merezimendu osoz eskuratu dute kopa. Bi setak irabazi zituzten (10-15 eta 12-15), biak markagailuari buelta emanda. Bi bikoteek lehia estua eduki zuten, euren talentuaren adierazgarri.
Zale mexikarrek gozatzeko moduko partiduak ikusi dituzte aurreko astean Zinacantepeceko frontoian. 24 urtez azpikoen zein profesionalen finalak ikusgarriak izan ziren, eta harmailak ia-ia beteta egon ziren.
Espainiako eta Frantziako selekzioekin aritu dira Euskal Herriko pilotariak, eta bi finalak espainiar taldekoek bereganatu dituzte. 24 urtez azpikoetan, Alex Goitia eta Danel Mandiola markina-xemeindarrek bi setak irabazi dizkiete Etcheberryri eta Laborderi.
Urrea irabaztea zen Lekerikaren helburua, eta lortu du. Halaber, Lopezen eta Erkiagaren kontrako finala gura zuen eta horrela izan da. Atzelari gernikarra seguru aritu da Mexikon. Finaleko lau puntisten artean bera zen hango zaleentzat ezezagunena, eta bere mailagaz horiek ere txunditu ditu. Maisu handia zeukan aurrean, eta biek ala biek ez zuten hutsik egin. Goikoetxea izan zen finaleko protagonista. Udan ez du garaipen esanguratsurik eskuratu zumaiarrak, baina sasoi betean dago, eta azeri zaharrak bere joko ona berretsi du Munduko Kopan. Pilota biziagaz min handia egin zuen. Dozena erditik gora sake errebotean sartu zituen. Lehenengo jokoan, Leke eta Goiko 10 eta 8 galtzen joan baziren ere, pilota biziagaz sei tanto jarraian egin, eta 10 eta 14 aurreratu ziren. Lekerikaren eskuinkadak erabaki zuen seta.
Bigarren jokoan 6-3 eta 7-4 aurreratu ziren Ispasterko aurrelaria eta Zumaiako atzelaria. Hala ere, zazpina, zortzina eta hamarna berdintzea lortu zuten atzelari gernikarrak eta aurrelari zumaiarrrak, eta hamarnako berdinketaren ostean lau tanto jarraian egin zituzten. Lekerikak min handia egin zuen bere eskuinkada indartsuagaz. 10 eta 14ko markagailuaren ostean, bi tanto egin zituzten Erkiagak eta Lopezek, baina Goikoetxearen txapa gainekoagaz amaitu zuten finala. Lopezek txapan jo zuela esan zuen, baina epaileek tantoa ontzat eman zuten.