Memoriaren transmisioa landuko dute Jardunaldi Antimilitaristetan
Eguaztenean, 18:30etik 21:00etara bitartean, IX. jardunaldian murgilduko dira Astran. Barbara Brix SSetako ofizial baten alabarerekin solasaldian elkartzeko aukera edukiko dute Astrara bertaratzen direnek.
2013. urtean egin zituzten lehen jardunaldi antimilitaristak Gernika-Lumon, eta, geroztik, urtero egin izan dituzte. Antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko jardunaldi horien helburua da gerraren kontrako mezua zabaltzea eta bertoko herritarrak kontzientziatzea, “etorkizuneko gerrak saihesteko asmoz”. Hain zuzen, memoria historikoaren transmisioan jarriko dute fokua aurten.
Eguaztenean [azaroak 24], 18:30etik 21:00etara bitartean, IX. jardunaldian murgilduko dira Astran. Hala, Gernikatik Mundurak, Gernika Gogoratuzek, Ideasurrek eta Astrak prestatutako jardunaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek. Legatua dokumentala proeiktatuko dute, eta, ondoren, ikus-entzunekoaren protagonistetako bat den Barbara Brix SSetako ofizial baten alabarekin solasaldian elkartzeko aukera edukiko dute kulturarako fabrika sozialera bertaratzen direnek; Brix memoria historikoaren aldeko aktibista da Hanburgoko Neuengamme Kontzentrazio Esparru Zaharreko Memorialean.
Christoph Hübner eta Gabriele Voss dira Legatua dokumentalaren zuzendariak, eta ikus-entzunezkoan zazpi testigantza aurkeztu dituzte. Hain zuzen, Alemaniako Nazional Sozialismoaren garaiko SSetako ofizialen ondorengoen adierazpenak jaso dituzte. Gaur egun, seme-alaba edo biloba horietako askok memoriaren eraikuntza sozialaren alde lan egiten dutela ikusarazi gura dute proiekzioagaz.
Memoria historikoaren transmisioa, baina, nazioarteko gaia dela dio Andreas Schafter Gernika Gogoratuzeko kideak: “Filmak Alemaniako garai hori lantzen du, baina ikus-entzunezkoak jorratzen duen gaia nazioartekoa da. Memoria historikoa belaunaldiz belaunaldi zelan transmititzen den aztertu beharra dago. Eta transmititzen ez den kasu horietan, seme-alabek euren guraso edo aiton-amonek egin dutenaz zelan ohartzen diren aztertu behar da”.
SSetako kide zirenen seme-alabek gai hori zelan landu eta jorratu duten aztertzen du filmak, baita gizartean zelan landu den ere. Barbara Brixek bere aita hil ondoren jakin zuen bere aita SSetako kidea zela. “Berak dio horretaz ohartu zenean ezusteko ikaragarria eraman zuela, eta berak bere kontura beste ikerketa bat burutu zuela. Gizarte mailan egoera horiek gizarteratzeko proiektu bat bultzatu zuen”, dio Schafterrek. Alemaniako gertaera hori, baina, “ez dela bakarra” azpimarratu du eta Europako herrialde desberdinetan ikus daitekeela uste du. “Isilpean geratu zena hurrengo belaunaldiek agerrarazi dute Europako gatazka eremu askotan”.
Herritarrei Astrara bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.