Epaitegiak ez dio COVID ziurtagiria eskatzeko baimenik eman Jaurlaritzari
Epaileek ez dute ontzat hartu Jaurlaritzak jatetxeetan eta aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan COVID ziurtagiria eskatu ahal izateko egindako eskaera.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez dio baimenik eman Eusko Jaurlaritzari zenbait tokitan ziurtagiria aurkezteko beharra ezartzeko. Pasa den astean aurkeztu zuen eskaera Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak, eta epaileek gaur eman diote ezezkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 150 kasukoa baino handiagoa den herrietan ezarri nahi zuten neurria.
[AZKEN EGUNOTAKO BUSTURIALDEKO DATUAK]
Ez da lehen aldia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzak koronabirusaren aurka hartu nahi duen neurri bat atzera botatzen duela. Otsailean, kasurako, eremu gorrian egon ala ez, gobernuak ostalaritzako lokalak ezin zituela itxi ebatzi zuen auzitegiak.
Gaurko epaiaren arabera, zuzenbide estatu batean, helburuak ez ditu bitartekoak arrazoitzen, eta kasu honetan neurriak oinarrizko eskubide ugari ukitzen dituela dio. Halaber, sententziak arrazoitu du kutxatze kopuruari dagokionez, herri batean edo bestean egoera ezberdina dela, eta ez dela proportzionala neurri bera aplikatzea Euskal Autonomia Erkidego osoan.
Bi epaileren babesarekin hartu du erabakia Auzitegi Nagusiak, eta Luis Garrido presidenteak boto partikularra eman du, ziurtagiria baimentzearen aldekoa.
«Ulertezina». Atzoko erabakiak hainbat erreakzio eragin ditu. Besteak beste, Eudeleko presidente Gorka Urtaranen ustez, «ulertezina» da erabakia, eta azpimarratu du «Europa erdian» ezarrita dagoela ziurtagiria eskatzeko neurria.
Eusko Jaurlaritzaren eskariak aurrera egin izan balu, establezimenduen jabeen ardura izango litzateke bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea. Aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan eskatzea arautu nahi zuen Jaurlaritzak: diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan. Pub eta taberna berezietan sartzeko ere ziurtagiria eskatzea zen asmoa, 22:00etatik aurrera.