Gorka Pagonabarraga da Bizkaiko Txapelketako lehenengo finalista
Onintza Enbeita bertsolari muxikarra bigarrena izan da Etxebarrian jokatu duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan. Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra bosgarrena izan da.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa Etxebarriko frontoian jokatu zen atzo, eta bertsolari guztien artean onena izan zen Gorka Pagonabarraga. Saioa irabazita, finalerako txartela lortu du bertsolari durangarrak.
Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Pagonabarraga izan zen puntu gehien batzea lortu zuen bertsolaria: 529 puntu eskuratu zituen. 518,5 puntugaz, bere atzetik sailkatu zen Onintza Enbeita bertsolari muxikarra. Hamahiru puntu gutxiago eskuratu zituen Miren Amurizak –505,5 puntu–, eta 488, berriz, Imanol Uria laugarrenak. 441 puntu batuta, kanporaketako bosgarrena izan zen Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolari gernikarra, eta seigarren sailkatu zen Paule Ixiar Loizaga; 434 puntu batu zituen.
Bikain hasi zuen bertso saioa Enbeitak, zortziko handian nabarmendu baitzen muxikarra. Zortziko txikian, puntu berberak eskuratu zituzten Pagonabarragak eta berak –beste guztiek baino gehiago–, baina durangarra puntu-erantzunean zein bakarkako ariketetan gailendu zen. Ajugiragojeaskoak, berriz, hamarreko txikian izan zuen puntuaziorik onena.
Etxebarriko saioan Zihara Enbeitak egin zituen gai emaile lanak, eta epaimahaikideak izan ziren Alaitz Etxanobe, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Graxi Arregi, Joseba Santxo eta Miriam Juaristi. Idazkari beharrak Itziar Basterretxeak egin zituen.
Segurtasun neurriak indartuta hasi dira finalaurrekoak. Bertsozaleak distantziara, baina bertso egarriz eta txalotzeko gogoz elkartu ziren 500 lagunetik gora Etxebarriko frontoian.
Hurrengoa Galdakaon. Etxebarrikoaz gain, Bizkaiko Bertsolari Txapelketak hiru finalaurreko izango ditu: Galdakaon eta Larrabetzun. Horien ostean, finala jokatuko da abenduaren 18an, 17:00etan, Bilboko Bilbao Arenan. Galdakaon lehiatuko da hurrengo kanporaketa, azaroaren 27an (zapatua), 17:00etan, Urreta kiroldegian.
Bertan ariko dira Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Josune Aramendi markina-xemeindarra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue eta Oihana Bartra. Gai jartzaile lanetan Igor Menika arituko da.
Txapelketako saioetarako sarrerak salgai daude, eta horiek eskuratzeko bide desberdinak daude: www.bertsosarrerak.eus webgunean edota saioko egunean bertan, 16:00etatik aurrera, txarteldegian. Antolakuntzak sarrerak webgunetik erosteko gomendioa egin du, saioetan ilara gutxiago sortzeko.