Busturialdetik igaroko da Rallyestone auto klasikoen rallya
Gaur igaroko da rallya Busturialdeko hainbat herrietatik, eta geldialdia ere egingo dute Gernika-Lumon.
Busturialdetik igaroko da asteburuan Real Peña Motorista de Vizcayak antolatu duen ibilgailu klasikoen lasterketa neurtua, XV. Rallyestone. Hiru etapa izango ditu rallyak, eta etapa bakoitzaren hasieran jakingo dute parte hartzaileek ibilbidea. Hala ere, antolatzaileek HITZAri aurreratu diotenez, barikuan [azaroak 19] igaroko da rallya Busturialdeko hainbat herrietatik, eta geldialdia ere egingo dute Gernika-Lumon.
“20:00etan geratuko gara Gernika-Lumon. Ordu beteko atsedenaldia hartuko dugu, eta bertan aparkatuta utziko ditugun ibilgailuak ikusteko aukera egongo da”. Argitu dutenez, herriaren erdian egongo dira autoak.
Auto ikusgarriak ikusteko aukera eskainiko du rallyak. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, auto klasikoen nazioarteko proba da, eta herrialde ezberdinetako partaideak biltzen ditu. “Esate baterako, auto ikusgarriak dituzten hamabi frantsesek eman dute izena”. Esan dutenez, mota askotako autoak egoten dira, baita ingelesak ere. “Normalean ikusten ez diren autoak dira”.
Bilboko Arriaga antzokiaren aurretik irtengo dira ibilgailuak barikuan. Lehen orduan jarriko dute antolatzaileek informazio guztia elkartearen web orrialdean, eta 17:30ean abiatuko da lehen autoa. Minututik minutura irtengo du batek. “Erregulartasuna neurtzen duen martxa bat denez, errepidea zabalik egongo da. Autoek zirkulazio araudiak errespetatu behar dituzte eta ezin dute 50 kilometro orduko abiadura gainditu”.
Zapatuan [azaroak 20] ere Bilbotik irtengo dira autoak 10:30ean, eta domekan [azaroak 21], berriz, irteera 10:00etan izango da. Egunean bertan emango dute jakitera ibilbidea.