Umeen ahotsak entzun dituzte Batzarretxean
Laugarren urtez, Unicefen eskutik, 'Eman ahotsa zeure balioei' programaren barruan egin dute osoko batzar txikia Batzarretxean. Bizkaiko hezkuntza zentroetako ikasleek parte hartu dute, tartean Barrutialde BHIkoek.
Azaroaren 20a da Umeen Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta, bezperan, umeen balioei ahotsa eman die Bizkaiko Batzar Nagusiek. Laugarren urtez, Unicefen eskutik, Eman ahotsa zeure balioei programaren barruan egin dute osoko batzar txikia, eta bertan parte hartu dute Bizkaiko hezkuntza zentroetako ikasleek, tartean Barrutialde BHIkoek.
Batzar berezian egon diren ikasleek umeen “nortasunerako eskubidea” aldarrikatu dute. Izan ere, printzipio horretan sakondu dute aurten ospatzen den Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 32. urteurrenean.
Batzarretxean egon diren 64 gazteek –ikastetxe bakoitzetik zortzi joan dira osasun arloko segurtasun arrazoiengatik– “estereotipoak eta etiketak” apurtzeko eskatu dute, euren gustuengatik, izaerarengatik, janzkerarengatik edo ohiturengatik epaituak ez izatearen alde eginda. “Garenak izateagatik, garen modukoak sentitzeagatik edota gustatzen zaiguna gustuko izateagatik epaituko ez gaituen berdintasunezko gizartea guztion artean eraikitzea gura dugu”, adierazi dute Batzarretxeko bozgorailuetatik.
Diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde egin dute; hau da, nortasun bakoitza errespetatua izango den aurreiritzirik gabeko gizartea aldarriaktu dute. Hori horrela, euren eskubideak bermatzeko eta horien alde lan egiteko eskatu diete erakundeetako ordezkariei.
Eserlekuetatik adi jarraitu dute saioa Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeko talde guztietako ordezkariek. Osokoaren buru egon dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Isidro Elezgarai UNICEFeko Euskal Herriko batzordeburua eta lau ikastetxeetako ordezkari bana. Horiek guztiek eta ikastetxeetako bozeramaile jardun dutenek, aurretik irakurritako adierazpena sinatu dute.
Ana Otadui Lehendakariak “ezberdina” izan arren pertsona bakoitzaren nortasuna errespetatzeko ideia azpimarratu du. Txalotu egin du lurraldeko ume guztien inplikazioa, irakasleen eta begirale espezializauen laguntzagaz egindako adierazpenari forma emateko. Adierazpen hori Batzar Nagusien egoitzan egongo da ikusgai, eta “eduki horiek martxan jarteko konpromisoa” hartu du. Esperientzia horri esker, Bizkaiko umeek “diskriminaziorik ezagaz erlazionatutako balioak eta jarrerak” eurenganatu dituztela uste du.
Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidenteak UNICEFen 75. urteurrena ospatzen duten urte honetan umeek eta nerabeek esaten diena “inoiz baino gehiago” entzun gura dutela onartu du: “Agenda 2030 eta Garapen Jasangarriko Helburuak oinarri moduan hartuta, UNICEFek gizarte justu, baketsu eta inklusiboak sustatzen jarraitu gura du, ume eta nerabe bakoitzaren nortasunerako eskubidea erregistratu, aitortu eta errespetatu dezaten, estereotipo eta diskriminaziorik barik; inor atzean itxi barik”.