Novaltiako langileek elkarretaratzea egin dute Gernika-Lumon
Zamudion dagoen kooperatibako langileek bi urte eta bost hilabete daramate greba mugagabean. Kooperatibako bazkide diren farmazien aurrean protestak egiten ari dira, euren egoeraren berri emateko.
Ia 900 egun greban daramaten Zamudioko Novaltiako langileak Gernika-Lumon egon dira gaur goizean protestan. Novaltia farmazia banaketako kooperatiba bat da, eta hainbat farmaziaren jabeak dira bazkideak. Farmazia jabe horien aurrean elkarretaratzeak egiten ari dira langileak, euren eskubideak bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskatuz.
Novaltiako bazkide diren farmazien jabeak euren egoeraz jabetzea da bilatu gura dutena elkarretaratzeekin. “Gogorarazi nahi diegu eurek dutela langileak bizitzen ari garen egoera desblokeatzeko gakoa. Enpresak ez du negoziatu gura eta espero dugu farmaziek presioa egin ahal izatea”.
Langileen soldatetan eskala bikoitza dagola salatu dute gaurko elkarretaratzean: “Gutxieneko soldatara ailegatzeko plus bat jasotzen duten langileak ditu Novaltiak. Baina denbora gehiago daramaten langileek eurek baino %35 gehiago kobratzen dute. Ezin da izan lanpostu berean dagoen jendeak gauza bera egiteagatik gutxiago kobratzea. Horregaz amaitzea eskatzen dugu”.
Hala, lan taldearen soldatak parekatzea eta soldatak igotzea eskatzen dute: “Erosteko ahalmen handiagoa izatea eskatzen dugu, oso baxua delako gure soldata. Duela urte asko soldatak jaitsi zizkiguten eta gehien kobratzen dutenek 1.100 euroko soldata dute. Soldatak parekatzea eskatzen dugu, eta, aldi berean, soldata handiagoa jasotzea denok”.
Bi urte eta bost hilabete daramate greba mugagabean, 2019ko uztailaren 22az geroztik. Ordutik, Novaltiako prekarietateari aurre egiteko hitzarmen baten alde ari direla borrokan azaldu dute. Izan ere, 2019an soldatak jaitsi zirela, murrizketak egon zirela eta euren egoera erabat okertu zela adierazi dute: “2019an lan hitzarmena negoziatzen ari ginenean enpresak hitzarmena kentzea erabaki zuen. Egoera horren aurrean grebagaz hastea erabaki genuen”.
Diotenez, 2019ko azarotik ez dute negoziazio bilerarik eduki. “Gu eskaerak apaltzen joan gara, baina enpresak ez du ezer gehiago eskaini; euren aldetik mahai gainean dagoen proposamen bakarra greba hasi zeneko berbera da”.