Urkulluk dio Maier "erreferentziazko eredua" dela euskal industriarentzat
Ingeniaritza Aurreratuko Laborategi berria dauka Maier kooperatibak, eta ikerketa zentro berria bisitatu dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.
Maier kooperatibak Ingeniaritza Aurreratuko Laborategi berria dauka, eta hori estreinatu dute gaur Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Ikerketa zentro berria “beste urrats bat” da Maierrek ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alde egin duen apustuan. Izan ere, Maier Taldea eraldatzeko asmo handiko proiektu baten lehen fasea da. Hori dela eta, Lehendakariak adierazi du Maier “erreferentziazko eredua” dela euskal industriarentzat, eta gaineratu du “jarraitu beharreko bidea erakusten duen euskal multimazionaletako bat” dela.
Berrikuntzaren aldeko laborategi berrian 6 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Maierrek, eta 50 profesionalen taldea osatzea aurreikusi du. Hala, pandemia garai hauetan, Lehendakariak eskertu du “etorkizuneko inbertsio” honek dakarren konpromisoa: “Indarrak batu behar ditugu momentu hauetan, euskal ekonomia eta industria eraldatzeko erronkei arrakastaz heltzeko. Eta etorkizuneko inbertsio handia da Maier Taldearen ikerketa zentro berria. Berrikuntzan, garapen teknologikoan eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiten du kooperatibak”.
Maier eredua dela dio, taldeak 3.000 langile baino gehiago dituelako mundu osoan zehar banatuako lantegietan –Europan, Indian, Txinan eta Mexikon ditu produkzio lantegiak–, eta fakturazioaren %70 nazioarteko salmenta merkatutik lortzen duelako.
Hori horrela, Lehendakariak balioan jarri du automobilgintzako osagaiei eskainitako kooperatibak lehiakortasuna eduki duenean erakutsi duen egokitzeko gaitasuna. “Maier talde kooperatibo bat da, giza talde bat, lehiakortasun globalaren gakoekin inplikatuta dagoena. Aldaketarako eta eraldaketarako jarrera irekia duena”, adierazi du gaurko bisitan.
Erronkak. Urkulluk esan du Bizkai, Araba eta Gipuzkoak nazioarte mailako 50 enpresa izan nahi dituela, “berrikuntzarako, nazioartekotzeko eta kalitatezko enplegua lortzeko masa kritiko nahikorekin”.
Jaurlaritzaren apustua manufaktura industria eta zerbitzu aurreratuak direla dio, eta horiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %40 izatea gura dutela onartu du. “Automobilgintza euskal industriaren motorretako bat da, eta berrikuntzan inbertitzea bultzatzen ari gara, lankidetza publiko eta pribatuko ekimenen bidez. Fabrikazio aurreratua, digitalizazioa edo diseinua dira gure Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriaren lehentasunezko esparruak”.
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak eta erakunde guztiek ekimen horiek gauzatzea “erraztuko” dutela dio Lehendakariak, “euskal industriak agertoki globalean duen lehiakortasunerako gaitasuna eta ikuspegia agerian uzten dutelako”.