Hobekuntzekin zabaldu dituzte Sukarrietako zenbait udal zerbitzu
Aurrerantzean, liburutegira, ikus-entzunezkoen gelara eta gimnasiora sartzeko, erabiltzaileek txartel magnetikoa beharko dute; aipatu txartela udaletxean eskatu behar da.
COVID-19aren pandemiaren ondorioz udal gimnasioa, liburutegia eta bideo gela zarratuta egon diren bitartean, Sukarrietako Udalak hainbat hobekuntza egin ditu instalazioetan; “instalazioei zerbitzu hobeak emateko eta jarduera desberdinak antolatzeko espazioak handitzeko asmoz”. Hala, zerbitzu horiek guztiak martxan daude berriro ere.
Azaldu dutenez, “ezinbesteko” itxiera aprobetxatuta, iriste erraztasuna, erabilerak eta zerbitzuak hobetu dituzte. Esaterako, ikus-entzunezkoen gela handitu dute, liburutegiaren zati bat hartuta. Udal gimnasioan ere lekua irabazi dutela esan dute, korridorearen eremu bat erabili baitute. Gainera, instalazio elektrikoan hobekuntzak egin dituzte, eta Wifi eta USB konexioa daukaten bi telebista jarri dituzte ikus-entzunezkoen gelak eta gimnasioan.
Aurrerantzean, liburutegira, ikus-entzunezkoen gelara eta gimnasiora sartzeko, erabiltzaileek txartel magnetikoa beharko dute; aipatu txartela udaletxean eskatu behar da. Txartela “pertsonala eta besterezina izango da”, eta erabiltzaile bakoitzari baimendutako espazioak zabalduko zaizkio. Txartel bakoitza erosteko bost euro ordaindu beharko dira.
Gimnasioa erabiltzeko ordutegia 08:00etatik 21:00etara izango da, astelehenetik domekara bitartean; “ordutegi horretatik kanpo ezingo da erabili, alarma automatikoki konektatuko da”. Udaletik gogorarazi dute, aurten ez dela inolako tasarik kobratuko gimnasioa erabiltzeagatik. Hala eta guztiz ere, datorren urteko tasen berri eman dute: urte osagatik hogei euro ordaindu beharko dituzte erroldatutakoek; hamar euro hiruhilekoa eta bost euro, berriz, hilekoa. Erroldatuta ez daudenek, urteagatik 110 euro ordaindu beharko dituzte, 55 euro hiruhilekoa eta 30 euro hilea.
“Pandemiak derrigortutako itxiera aprobetxatu dugu aurreikusita genituen hobekuntzak egiteko, abantaila bategaz: erabiltzaileek ez dituztela obrek normalean eragiten dituzten eragozpenak pairatu. Era berean, nabarmendu gura dugu une egokia dela instalazio hauen funtzionamendu normala berreskuratzeko, bizilagunek berriz ere lasai goza dezaten, osasun eta segurtasuneko protokoloak betetzen jarraituko da-eta. Adibidez, gimnasioan, gehienez, lau lagunentzako lekua egongo da, eta aireztapena derrigorrezkoa izango da”, esan du Sukarrietako alkate Erruki Goirienak.