Greba deitu dute azaroaren 30erako Bizkaiko kontserba sektorean
Patronalak ezarritako "blokeo" egoera iraultzeko greba egitea "ezinbestekotzat" jotzen dute sindikatuek.
Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko langileen “egoera larria” ezagutarazi eta egoerari lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko grebarako deialdia egin dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Barikuan [azaroak 12] hasi zituzten mobilizazioen ildoan, lurralde hitzarmenaren alde egiteko greba egun bat iragarri dute azaroaren 30erako. Martitzenean [azaroak 16] egin zuten greba egiteko eskakizuna. “Lau sindikatuetako ordezkariok erregistratu genuen greba deialdia Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako lan sailean. Patronalari ere agiri bera helarazi genion”.
Bilbon mobilizatu ziren aurreko barikuan, sektoreko negoziazio mahaian aurrerapausorik ez dela eman salatzeko. Eta egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, sinkatuek greba egun batera deitu dituzte sektoreko langileak. “Patronalaren aldetik ez dago proposamen berririk ez beste ezer. Egoerak bere horretan jarraitzen baldin badu, eta proposamen egokirik ez badugu jasotzen, mobilizazio gehiago egiteko asmoa daukagu; ez dugu ezer baztertzen soldatak eta miseriazko lan baldintzak dituen sektorea duintzeko”.
Orain arte egindako eskaerei patronalak “entzungor” egin dietela salatu dute sindikatuek; ez duela sektoreko langileen baldintzak duintzeko gogorik agertu eta hitzarmena “blokeatzen” ari dela diote. Hitzarmena negoziatzen zazpi hilabete eman ondoren, “soldatak izoztea eta erosteko ahalmena galtzea proposatu du bakarrik, sindikatuek plataforma ezberdinetan planteatutako gainerako gaiak negoziatzeari uko eginez”.