Death metal doinuek zabalduko dute Metal Fabrikaren seigarren denboraldia
Azaroaren 27an egingo duten lehenengo jaialdian hiru kontzertu entzun ahal izango dira, Conflict Noise, Dormanth eta Empire Of Disease taldeen eskutik
Metal doinuekin bustitzeko aukera emango du, seigarren urtez, Metal Fabrikak. Jaialdiak Astra kulturarako fabrika izango du eszenatoki, eta lehenengo hitzordua azaroaren 27rako egin dute. Death metal doinuak entzungo dira egun horretan, hiru talderen eskutik: Conflict Noise, Dormanth eta Empire Of Disease. Ostean, Astran metal doinuak entzutearen ardura hartuko du Dj Welderrek.
Zorrotzako taldea da Conflict Noise. 22 urte daramatza musikaren munduan eta 2019an kaleratu zuen azken lana aurkeztuko dute Astran: Agur eta ohore.
Bilbotik helduko dira Dormanth taldeko kideak. 1993an sortu zen talde horrek doom kutsua duen death metal melodikoa ekarriko du Astrara. Complete downfall izeneko azken laneko abestiak joko dituzte Metal Fabrikan, besteak beste.
Hirugarren taldea ere Bilbokoa da: Empire of disease. Whith all may hate izenarekin kaleratu dute azken diskoa, death metal doinuak landuz. Lan horretako abestiak jotzeko gogotsu helduko dira azaroaren 27an.
20:30ean hasiko da jaialdia, eta sarrerak 8 eurotan daude salgai Ospa tabernan eta Astran bertan.