Haurrekiko hizkuntza praktikak aldatzea helburu
Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea helburu duen ariketa soziala bultzatuko du Topaguneak. 80 herrik baino gehiagok bat egin dute egitasmoagaz, tartean Bermeok eta Gernika-Lumok.
Haurren aurrean helduek dituzten hizkuntza praktiketan eragin gura Euskaltzaleen Topaguneak, eta ariketa sozial berri bat prestatu du horretarako: Haurren aurrean helduok heldu. Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea du helburu egitasmoak. 80 herri baino gehiago daude izena emanda oraingoz, Bermeo eta Gernika-Lumo barne.
Azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5era arte iraungo du ariketa sozialak. 0 eta 12 urte arteko haurrekin harreman zuzena duten helduei zuzendutakoa da egitasmoa; hau da, gurasoei, hezitzaileei, lagun helduei, zaintzaileei zein umeekin egoten diren bestelako senideei zuzendutakoa da. Haurrekiko harremanetan ez ezik, euren arteko berbaldietan ere sustatu gura du euskara egitasmoak, “horrek belaunaldi berriak hizkuntza praktika berriak normalizatu eta barneratzea eragingo duelako”. Haur eta helduak elkartzen diren gune ez-formaletan eragin gura du Topaguneak: parkeetan, plazetan, eskola irteeretan edota etxeetan.
Izan ere, “ereduak sortu behar direla” dio Arrate Gisasola ekimeneko parte hartzaile eta EBETEko kideak: “Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute erabiliko. Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu”. Gisasolaren berbetan, haurrei euskaraz egiteko eskatzen zaie, baina, gero, helduek ez badute hala jokatzen, gaztetxoek mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte: “Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak ere barneratzen dituzte; hau da, euskaraz nogaz berba egin eta nogaz ez, noiz bai eta noiz ez…”.
Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozialitzatzen jarraitu nahi dute ekimenagaz, eta portaera linguistiko horiek herritarren praktiketan integratu gura dituzte, “arau sozial” bihur daitezen. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak azaldu modura, euskaldunek euskaldunekin euskaraz egiten duten arau soziala indartu gura dute: solaskideek, euskaraz dakiten kasuetan, euskaraz egiten, lehen hitzak euskaraz egiten eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten –baita elkarrizketa elebidunetan ere–.
Dinamikak herriz herri. Euskararen biziberritze prozesua eraldaketa sozialerako prozesua dela dio Amonarrizek, garrantzitsua dela sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo euskararen erabileraren aldeko dinamikak aktibatzea eta sustatzea azpimarratuz. Euskara sustatzeko zereginetan ikastetxeei eskatu ohi zaie erantzukizuna, baina Amonarrizen berbetan, “eskola ez da nahikoa”. Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dutela dio: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian edota eurei zuzendutako zerbitzu eta ekintzetan.
Gernika-Lumoko kasuan, Topaguneagaz elkarlanean, udaleko Euskara Zerbitzuak eutsi dio kanpainari. Hori horrela, hainbat euskarri kaleratu –kartelak, pegatinak…– eta gune estrategikoak apainduko ditu egitasmoa burutu beharreko egunetan. Hain zuzen, kanpainaren leloa eta logotipoa dituzten 20 lona jarriko dituzte Santa Luziako jolaslekuan, San Kristobal plazako jolastokian, Pasealekuan, San Juan Ibarrako parkean, Lorategietako jolaslekuan eta udalerriko bost irakaskuntza zentroetan –Allende Salazar, Seber Altube, San Fidel Ikastola, Mertzede Ikastola eta Barrutialde–.
Jakinarazi dutenez, dinamizazioa modu berezian landu da eskoletako guraso elkarteetako arduradunekin, haurrekin harremanetan dauden helduak direlako egitasmoaren xede.
Bermeon, herriko ikastetxeetako gurasoen elkarteek egin dute bat Topaguneko kanpainagaz. Hala, San Frantzisko Herri Ikastetxearen, Sagrado Corazon Ikastetxearen eta Eleizalde Ikastolaren aurrean gauzatuko dute kanpaina; bertan jarriko dituzte kartelak, eta eremu horietan gurasoen arteko hizkuntza euskara izango da.